Glukogenoa produzitzera bultzatu infekziorik ez sortzeko

E. coli bakterioaren infekzio-gaitasunean eragiteko modu posible bat aurkitu dute

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

glukogenoa-produzitzera-bultzatu-infekziorik-ez-so
E. coli bakterioak letxuga batean Arg. Agri Life Today

E. coli bakterioaren infekzio-gaitasunean eragiteko modu posible bat aurkitu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta CSICen Agrobioteknologiako Institutuko ikertzaile batzuek. Hain zuzen, ikusi dute alderantzizko korrelazioa dagoela glukogeno-produkzioaren eta bakterioen patogenotasunarekin zerikusia duten egituren produkzioaren artean.

Javier Pozueta Agrobioteknologiako Institutuko Karbohidratoen Metabolismoa ikerketa-taldeko buruak azaldu duenez, “glukogenoaren produkzioa handituz bakterioetan, bakteriook galdu egiten dute flageloak, luzakinak eta bakterioen kanpoko bilgarriaren osagaiak sortzeko gaitasuna”. Hain zuzen, horien bidez mugitzen, zelula ostalarietara itsasten eta ingurunetik babesten dira bakterioak, hurrenez hurren.

glgS genearen funtzioa aztertuz iritsi ziren ikertzaileak ondorio horretara. “Ikusi genuen balazta moduko bat dela gene hori bakterioen flagelo, luzakin eta bilgarriaren osagaiak sortzeko”, dio Mehdi Rahimpour gene horren funtzioa aztertuz doktore-tesia egin duen ikertzaileak. “Hortaz, glgS genearen espresioa aldatuta, egitura horien produkzioa aldatzen da, eta, horrenbestez, baita glukogenoarena ere, nahiz eta zeharka izan”, gaineratu du. Izan ere, bakterioen energia-erreserbarako molekula da glukogenoa, eta gainerako elementuak sortzen eta mugitzen ari ez denean sortzen dute bakterioek.

Patente-eskaera baten bidez babestu dute aurkikuntza, eta Biochemical Journal aldizkarian argitaratu dute lana berriki. Medikuntzako IX. Nazioarteko Kongresuan ere saria lortu dute aurkikuntzarengatik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila