Gizakien arbasorik zaharrena bipedoa zela ondorioztatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

gizakien-arbasorik-zaharrena-bipedoa-zela-ondorioz
Sahelanthropus tchadensis espeziearen fosilen 3Dko ereduak. Arg. © Franck Guy / Palevoprim / CNRS – Poitierseko Unibertsitatea

Giza leinuaren arbasorik zaharrena, Sahelanthropus tchadensis, bi oinen gainean ibiltzen zela baieztatu dute Frantziako Zientzia Ikerketarako Guneako ikertzaileek (CNRS). Espezie horren fosil gutxi daude, eta ezagunenetako bat garezur bat da, Toumaï izenekoa. 7 milioi urte inguru ditu, Txaden aurkitu zuten 2001ean, eta eztabaida sutsuak piztu ditu adituen artean. Hasieran, adibidez, zalantza handiak zituzten homininoa ote zen, eta tente ibiltzeko gai ote zen ere eztabaidagai izan da urte hauetan. Orain, Nature aldizkarian argitaratu duten ikerketan erakutsi dute baietz: zutik ibiltzeko gai zen, baita zuhaitzetan gora egiteko ere, eskuez helduta.

Garezurrak bizkarrezurrarekiko zuen kokapenarengatik, lehendik ere susmatzen zuten zutik ibiliko zela. Orain, CNRSko ikertzaileek gorputz-adarretako fosilak aztertzeko aukera izan dute (femur bat eta bi kubitu), eta susmo hori baieztatu dute. Zehazki, hezur horien kanpo morfologia eta barne-egiturak aztertu dituzte, mikrotomografiaren bidez. Hala, neurketa biometrikoak, morfometria geometrikoa eta adierazle biomekanikoak lortu dituzte, eta gaur egungo simioen eta fosilen laginekin alderatu dituzte: txinpantzeak, gorilak, orangutanak, Miozenoko tximinoak eta giza leinukoak. 

Garezurra ere aintzat hartuta, ondorioztatu dute bi oinen gainean zutik ibiltzeko gai zela, eta zuhaitzetan gora igotzen zela, eskuez helduta, gizakiok egiten dugun modura (gorilak eta txinpantzeak falangeen atzealdean bermatuz igotzen dira). 

Aditu askorentzat, bipedismoa ezaugarri argia da homininotzat hartzeko, baina CNRSko ikertzaileek argitu dute beren ikerketan ez dutela hori aztertu; lokomozioa ikertzera mugatu direla.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila