Gizakiaren ordulari molekular motela

Gizakiaren ordulari molekular motela
2006/04/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Giza espeziean, belaunaldi baten eta hurrengoaren artean dagoen tartea handia da; 20 urtekoa, gutxi gorabehera. Beste primate batzuk gizakia baino lehenago iristen dira heldutasun sexualera, eta, ondorioz, tarte txikiagoa dute belaunaldien artean. Adibidez, txinpantzeak 15 urteko aldea izaten du belaunaldi baten eta hurrengoaren artean.

Belaunaldien arteko tartea handia izatea giza espeziearen berezko ezaugarritzat dute zientzialariek. Bada, PNAS zientzia-aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera, ezaugarri hori nahiko berria da gizakiaren eboluzioan.

Artikuluaren egileek gizakiaren genomaren zati handi bat txinpantzearenarekin alderatu dute, eta baita beste primate batzuenekin ere: babuinoa, gorila eta orangutana, hain zuzen. Zehazki, ordulari molekularrari begiratu diote. Ordulari molekularrak genoman mutazioak zer erritmotan gertatzen diren adierazten du. Mutazio gehienak obuluak eta espermatozoideak sortzean gertatzen direnez, zenbat eta handiagoa izan belaunaldien arteko tartea, orduan eta motelagoa da ordulari molekularra.

Zientzialariek ikusi dute gizakiaren ordulari molekularra gorilarena baino % 11 motelagoa dela. Baina txinpantzearena ere gorilarena baino % 8 motelagoa da. Hau da, nahiz eta belaunaldien arteko tartean dezenteko aldea egon gizakiaren eta txinpantzearen artean, aldea ez da hain nabaria ordulari molekularraren abiadurari dagokionez.

(Argazkia: Artxibokoa)

Hortik ondorioztatu dute belaunaldien artean halako tarte handia izatea duela gutxi azaldu dela eboluzioan. Gutxi gorabehera, duela milioi bat urte azaldu zela kalkulatu dute ikertzaileek.

Kalkulua bat dator paleoantropologoen teoriekin. Izan ere, duela 1,5 milioi urteko Homo erectus baten aztarnak aurkitu zituzten Kenyan, eta, haren hortza aztertuta, ondorioztatu zuten espezie hura gaur egungo gizakia baino lehenago iristen zela heldutasun sexualera; hain juxtu, txinpantzearen antzeko epean heltzen zen. Aldiz, duela 800.000 urteko Homo sapiens batekin egin dute azterketa bera Espainian, eta gaur egungoak adina denbora behar zuela ikusi dute.

Berriak labur
4
1
219
2006
4
010
Eboluzioa; Genetika
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila