Giza zelula enbrionarioen klonazioak alboratuta zegoen bidea ireki du berriro

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

giza-zelula-enbrionarioen-klonazioak-alboratuta-ze
Nukleorik gabeko obulua, zelula helduaren material genetikoarekin. Arg. Shoukhrat Mitalipov/OHSU Photos

Zelula somatikoen nukleo-transferentziatik eratorritako giza zelula enbrionarioak (Human Embryonic Stem Cells Derived by Somatic Cell Nuclear Transfer); hori da, gutxi gorabehera Cell aldizkari espezializatuak argitaratutako artikulu entzutetsuaren izenburua. Izenburuak dioen moduan, giza zelula enbrionarioak lortzeko metodologia azaltzen du artikuluak, eta, gainera, gaur egun sendaezinak diren gaixotasunak tratatzeko bide itxaropentsua irekitzen duela ere aurreratzen du: parkinsona, esklerosi anizkoitza, bizkarrezur-muineko lesioak...

Oregongo Osasun eta Zientzia Unibertsitateko eta Primateen Ikerketarako Zentroko ikertzaileek zuzendu dute ikerketa, eta, haien esanean, “iraultzailea” da. Unibertsitatearen prentsa-oharrean, Shoukhrat Mitalipov ikerketa-buruak teknika arrakastatsua dela baieztatu du: “Teknika honetatik eratorritako zelula amen azterketa zorrotzak erakutsi du [guk lortutako zelulek] zelula enbrionario arruntek adinako gaitasuna dutela beste zelula mota batzuk bilakatzeko, besteak beste, nerbio-zelulak eta gibeleko zein bihotzeko zelulak”.

Horrez gain, zelula ama horiek errefusa eragiteko arriskurik ez dutela adierazi du, “pazientearen material genetikoa baitute”. Hala ere, aitortu du “oraindik lan handia” dutela egiteko, zelula ametan oinarritutako tratamendu seguruak eta eraginkorrak garatzeko.

Prentsa-ohar berean, material ugari jarri dute eskuragarri, tartean, erabilitako teknikaren laburpena erakusten duen bideoa:

Stem Cell Breakthrough Summarized by OHSU's Dr. Shoukhrat Mitalipov from OHSU Video on Vimeo.

Ustekabeko lorpena

Lorpenak ezustean harrapatu ditu zientzialari asko. Hain zuen ere, gehienek alboratuta zuten bide hori, orain arte porrotak baino ez zituelako eman. Gainera, teknika horren inguruko albisteak sarri errezelo-puntu batekin hartzen ziren, batetik, oraindik ez delako ahaztu Woo Suk Hwang ikertzailearen iruzurra, eta, bestetik, arazo etikoak berpizten direlako, gizakia klonatzeko aukera gertuago egongo bailitzateke.

Horrenbestez, laborategi asko eta askotan zelula helduak birprogramatzen saiatzen ari dira, haietatik beste zelula-mota batzuk lortzeko. Horiek ere ez dute errefusarik eragiten, eta, gainera, ez dute arazo etikorik sortzen. Hain justu, iaz jaso zuten Medikuntzako Nobel saria zelula helduak pluripotente bihurtzeko gai zirela frogatu zuten ikertzaileak. Hala ere, oraindik ez dute teknika fintzea lortu.

Beraz, zientzialari asko ahalegin horretan dabiltzala harrapatu ditu albisteak. Edonola ere, Oregonen egindako lanak batzuen eta besteen goraipamena jaso du (tartean, izan da Nobel Sariekin gogoratu denik ere).

Ikerketa, berez, garbia da. Zelula ama enbrionarioak lortzeko nukleo-transferentzia teknika klasikoa erabili dute,  baina orain arte zituzten oztopoak gainditzeko, aldaketa txiki batzuk egin dituzte metodologian. Adibidez, ikertzaileek Sendai birus inaktibatuak erabili dituzte obulua eta zelula helduen materiala elkartzeko; deskarga elektriko bat, enbrioiaren garapena eragiteko, eta kafeina, obulua garaia baino lehen aktibatzea eragozteko.

Pauso horietako bakar bat ere ez da berria, baina ikertzaileek konbinazioa zuzenarekin asmatu dute, nonbait. Ikertzaileek adierazi dutenez, orain, zelula helduak birprogramatuz lortzen diren zelula amekin alderatu nahi dituzte bereak; emaitzak “zirraragarriak” izango direlakoan daude.

Eraginkortasuna, gako

 

Hain zuzen ere, ordezko zelulen bidezko terapiarako, orain zelulak lortzeko lau bide daudela gogorarazi du Inbiomedeko lehendakari eta ikertzaile Gurutz Linazasorok: “Batetik, zelula ama helduak daude; erraz eskuratzen dira, baina beste zelula-mota batzuk emateko ahalmen oso mugatua dute. Bestetik, in vitro ernalkuntzatik sobera geratutako enbrioien zelula amak; enbrioiaren material genetikoarekin”.

“Horiez gain —jarraitu du azaltzen Linazasorok—, zelula birprogramatuak ditugu; enbrionarioen antzekoak, baina pazientearen informazio genetikoarekin. Kontua da lau transkripzio-faktore ere badituztela, eta horiek tumoreak eta beste arazo batzuk eragiteko arriskua dutela. Eta azkenik, orain lortu dituzten zelula amak ditugu. Enbrionarioak direnez beste zelula-motak emateko ahalmena dute, baina, transkripzio-faktorerik ez duten arren, badute tumoreak eragiteko arriskua”.

Lau bide horietatik aurrera egiteko aukera gehien zeinek izango duen aurreikusteko, “eraginkortasuna gako” izango dela uste du Linazasorok. “Adibidez, in vitro ernalkuntzako enbrioietatik zelula amak lortzea erraza da, baina ez da hain erraza zuk nahi duzun zelula-motara bideratzea. Eta seguru asko gauza bera gertatuko da klonazio bidez orain lortu dituzten enbrionarioekin. Birprogramatuak, berriz, alde horretatik hobeak dira, nolabaiteko erraztasuna dutelako jatorrizko zelula helduaren zelula-mota bera bilakatzeko”.

Eraginkortasuna alde batera utzita, klonazio bidezko zelula amek badute oztopo bat: obuluak behar dira. “Horrek berriro irekitzen du obulu-emaileen inguruko auzia; ordaindu behar den ala ez, eta abar. Eta, urrunago joanez gero, hibridazioaren kontua ere hor dago, hau da, beste espezie batzuen obuluak erabiltzeko aukera. Horrek zalantza etikoak pizten ditu”.

Edonola ere, Linazasorok aurrerapauso garrantzitsutzat jo du Oregonen lortutakoa, aukera berriak sortzen baititu. Dena dela, beste aplikazio batzuetarako, hala nola gaixotasunak aztertzeko ereduak sortzeko edo botikak probatzeko, birprogramatuak hobeak direla deritzo. “Gaur egun horiekin ari gara lanean, eta estandarizatuta daude. Oso emaitza onak ematen ari dira”, esan du Linazasorok, eta farmazia-industrian duten arrakasta nabarmendu du, “botiken ikerketa-epeak laburtzeko aukera ematen baitute”.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila