Giza garunaren eboluzioa berezi-berezia da

td class="art-testua" valign="top">

Garunaren neurria eta konplexutasuna kontrolatzen duten geneak askoz azkarrago eboluzionatu dute giza espeziean beste espezieetan baino. Ondorio horretara iritsi dira behintzat Howard Hughes institutuko ikertzaileak.

Nonbait, gizakietan eboluzioa hain azkarra izatea hautespenari zor zaio. Gizakien arbasoei izugarrizko abantaila ematen zien garun handia eta konplexua izateak; horregatik, garun handia zutenek besteek baino ondorengo gehiago izaten zituzten. Hortaz, garun handiagoa eta konplexuagoa izatea eragiten zuten geneen mutazioak oso azkar hedatzen ziren. Azkenean, horrek ekarri zuen gizakietan beste espezieetan baino askoz azkarrago eboluzionatzea garunaren neurria eta konplexutasuna kontrolatzen duten geneak.

Ikerketan, garunaren garapenarekin eta funtzioarekin erlazionatutako 214 generi erreparatu diote. Gene horien sekuentziak zer abiaduratan aldatzen diren neurtu dute lau espezietan: gizakietan, makakoetan, arratoietan eta saguetan. Hala, ikusi dute lehen bietan azkarrago eboluzionatu dutela gene horiek karraskarietan baino. Gainera, gizakien adarrean aldaketa horiek askoz ere sarriago gertatu dira.

Bestalde, aldaketa gehien zer genetan gertatu diren ere begiratu dute. Eta espero zuten bezala, enbrioi- eta fetu-faseetan eta haurtzaroan garunaren garapena kontrolatzen duten geneetan gertatu direla ikusi dute.

Ikertzaileek beste pauso bat ere eman dute, eta frogatu dute aztertutako 214 gene horietaz gain beste zenbait genek ere hartu dutela parte giza garunaren eboluzioan. Eta ez da harritzekoa, organo benetan konplexua baita!

Hala ere, lan hori egin duten ikertzaileek galdera asko dituzte oraindik erantzuteko. Haien esanean, biologiaren aldetik egin duten ikerketa giza zientzien aldetik osatu beharko litzateke. Izan ere, interesgarria izango litzateke jakitea zer eragin izan zuten giza arbasoen egitura sozialak eta kultur jarduerek garunaren eboluzioan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila