Haurdunaldia eta giza fetuaren garapena gero eta hobeto ezagutzen bada ere, bada azken aldian eztabaida sortu duen auzi bat: fetua esterila da edo badu mikrobiomarik? Luzaroan pentsatu izan da fetuak esterilak zirela, eta amaren kanaletik pasatzean jartzen zirela mikroorganismoekin harremanetan aurreneko aldiz. Azken urteotan, ordea, hori zalantzan jartzen duten ikerketak azaldu dira: bakterioak detektatu dituzte giza fetuen hesteetan eta beste organo batzuetan, eta fetuaren immunitate-sistema garatzeko ezinbestekoak direla ondorioztatu dute.
Inplikazio handiko auzi zientifikoa da, emaitzak ontzat emanez gero, immunitate-sistemaren berrikuspen erabatekoa eskatuko bailuke. Beraz, immunologia, ekologia mikrobiarra, gnotobiologia (populazio esterilak aztertzen dituen zientzia), bioinformatika, ugalketa eta beste hain esparrutako aditu-talde zabal batek berraztertu egin ditu ikerketa horiek guztiak, eta ondorioztatu du fetuetatik laginak hartzerakoan gertatutako kutsadura besterik ez zela. Hortaz, fetuak esterilak direla berretsi dute.
Fetuen balizko mikrobioma aztertzeko, nahita abortatu duten emakumeei eta zesarea bidez erditutakoei hartzen zaizkie laginak, eta prozesuan oso erraza da kutsadurak gertatzea. Azken azterketak hain zuzen biomasa txikiko analisi mikrobianoetan ohikoa den hutsegitea utzi du agerian, laginen kutsadura, eta ohartarazi dute oso kontuan hartu beharrekoa dela, ondorioak larriak baitira medikuntza klinikoan. Dagoeneko hasiak ziren existitzen ez den mikrobioma fetala terapeutikoki eraldatzeko saiakerak egiten.
Fetuak esterilak izateak ez du esan nahi immunologikoki garatu gabeak direnik; immunitate-zelulak sortzen dituzte garapenean zehar. Baina mikroorganismoekin lehenengo kontaktua jaiotze-unean izaten dute, amaren baginatik iragatean, arnasa hartzean eta esnea hartzean. Haurdunaldiko arazoek bakarrik eragin dezakete fetuak mikroorganismoak jasotzea. Septizemia neonatala da, ordea; fektuek ez dute mikrobiota autoktono, egonkor eta metabolikoki aktibo bat.
Ikertzaileek adierazi dute ehun esterilak liluragarriak direla ikuspegi zientifikotik, eta garrantzitsua dela ikerketarako metodologiak hobetzea. Oraindik ebatzi gabeko galdera asko daudela gogorarazi dute: nola prestatzen da fetua mundu mikrobiano batean bizitzeko, garapen osoan zehar ez bada mikroorganismo bizi bakar batekin harremanetan izan? Nola gauzatzen du amak fetuaren hezkuntza immunitarioa? Gnotobiologiak eskuetan dituen erronka zientifikoetako batzuk besterik ez dira.
Elhuyarrek garatutako teknologia