Astronautek, grabitate-eza dela eta, epe luzeko hainbat ondorio jasan behar izaten dituzte. Besteak beste, beren gorputzeko hezurren dentsitatea txikitu egiten da eta, Lurrera itzultzean, hezurrak hausteko arrisku handia izaten dute. Izan ere, grabitazio-indarra txikia denean, hezurra, nolabait, sortzen dena baino azkarrago desagertzen da.
Adinarekin ere antzekoa gertatzen da, hezurrak osatzeaz arduratzen den hormona jariatzeko gaitasuna galdu egiten delako. Arazo horri irtenbidea eman nahian, AEBetako Georgiako Mediku Eskolako ikertzaileek arratoi transgenikoak erabili dituzte hesteak jariatzen duen GIP (glukosaren mendeko peptido intsulinotropikoa) izeneko hormonaren jokaera aztertzeko. Ikertzaileen ustez, hormona hori, intsulinarekin batera, hezurrak indartzeaz arduratzen da.
Zerbait jaten dugunean, GIPa eta intsulina ohi baino lau aldiz bizkorrago jariatzen dira. Hala ere, bi hormonen portaera desberdina da. GIP hormonak, lau aldiz bizkorrago jariatu ostean, ez dira hasierako kontzentraziora berehala jaisten. Hormona horrek denbora gehiago irauten du eta, dirudienez, osteoblastoak (hezurren oinarrizko substantzia, osteina, eratzen duen zelula gaztea) kitzikatu eta osteoklastoak (hezurren substantzia iraunkorra suntsitzen duen zelula handia) desaktibatzen ditu.
Orain, laborategian sortutako arratoi transgenikoa espaziora bidali eta bere portaera arratoi arruntenarekin alderatuko dute. Transgenikoekin emaitza hobeak lortuz gero, zientzialariek uste dute posible izango dela astronautei GIP hormona sintetikoak injektatzea; edo, beste barik, hormona horren ekoizpena kitzikatzen duten elikagaiak eman ahalko dizkiete (karbohidratoak, proteinak eta gantzak).