Giltzurrun-harriak bi eratara trata daitezke gaur egun. Lehenengoa eta zaharrena gaixoari ebaketa egitea da. Bigarrena berriagoa da eta talka-uhinak erabiltzen ditu. Litotriptore izeneko tresnaren bidez egiten da tratamendu hau.
Talka-uhinen tratamendua ez da gustagarria, baina ebakuntza baino jasangarriagoa bai. Lito-triptoreak hala ere, mugak baditu: harria txikiegia bada, edo nahikoa gogorra ez bada edota kaltzioaz at beste osagairik badu, ez du eraginkortasunik.
EEBBtako Bostonen dagoen Massachusetts General Hospital izenekoan giltzurrun-harriak deuseztatzeko bide berri bat aztertzen ari dira; laserra erabiltzen alegia.
Mota desberdineko laserrak erabiltzen dira harriaren egituraren arabera. Laserra harria dagoen tokiraino zuntz optiko baten bidez eramaten da. Zuntza hodi malgu batean doa. Ureteroskopioa, urdailean erabiltzen den endoskopioaren modukoa da. Hiru zuntz erabiliko dira: bat harriari behatzeko, beste bat argi-iturri moduan eta hirugarrenak laserra garraiatuko du. Hodia, uretra, xixkua eta ureter-esfinterra igaro ondoren, ureterretik gora sartuko da eta lanerako prest egongo da.
Laserraren bidez harriak txiki-txiki egingo dira eta gaixoak egotzi ahal izango ditu.