Egunen batean, gure autoaren bolantean 100 km/h abiaduran goazela Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkaria irakurtzeko moduan izango ote gara?
Horixe pentsa daiteke, Kaliforniako San Diegon burutu berri den esperimentua ikusiz gero.
Lau egunetan zehar, 26 ibilgailuk (auto, autobus eta kamioik), autopista zati berezi batean 15.000 km egin dituzte. Sistema bereziez ornituriko autopista-eremura iristean, autoko konputagailuari nora joan nahi dugun adierazi behar diogu eta ondoren bolantea eta pedalak lasai utz ditzakegu.
Autoak radar bat eta hartzaile magnetikoak ditu aurrealdean eta atzealdean. Errepidearen erdian ipinitako markadore magnetikoek eta 2,5 cm-ko diametroa eta 10 cm-ko luzera duten iltzeek kokapen zehatza zein den adierazten die autoko konputagailuari, eta autoa trena trenbidean joaten den moduan joaten da. Bestetik, telefono mugikorren antenen gisakoen bidez, gainerako ibilgailuen kokapen zehatza ere jakiten da, era horretara talkak saihesten direlarik.
Teknologia honekin gidatzea erosoagoa eta seguruagoa izan daiteke, baina era berean, trafikoa emendatzea ere lortuko da. Izan ere, sistema honekin ibilgailuen artean gorde behar izaten den segurtasun tartea murriztu egingo da eta abiadura areagotu
(190 km/h).