Gibel artifiziala egiteko bidean

Ikertzaileek giza zelulak gorputzetik kanpo bizirik iraun dezaten behar diren euskarriak probatzen ari dira, beren egitura, tenperatura eta inguru kimikoa kontrolatuz, zelulak hazteko inguru egokia sortu ahal izateko. Orain, Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek siliziozko euskarrietan gibeleko zelulak bizi eta funtziona dezaten lortu dute.

Minbizi-zelulak kulturetan erraz hazten diren arren, zelula normalak bizirik iraunaraztea askoz zailagoa da. Siliziozko bioerreaktore horietan, ordea, zelula bakoitza ile bat baino meheagoa den egitura egoki batean ezartzen da eta poroetatik elikagaiak eta zelulak behar dituen gai kimikoak sartzen dituzte. Birusentzat eta bakterioentzat, aldiz, iragazgaitza da.

Ikertzaileen helburua gibel artifiziala lortzea bada ere, siliziozko bioerreaktoreen lehenengo aplikazioa sendagaien toxikotasuna probatzea izango da. Gibelaren funtzio garrantzitsuenetako bat sendagaiak eta drogak zatitzea da, beren eragina egin dezaten edo gorputzetik kanporatuak izateko. Normalean, sendagai baten balio klinikoa gibeleko metabolismoa ikusi ondoren erabakitzen da eta toxikotasun-testak bioerreaktorean egin ahal badira, sendagaiak animalietan probatzea ekidin daiteke. Gainera, sendagaien arteko interakzioak ere proba daitezke bioerreaktorean bi sendagai edo gehiago batera jarrita.

Lorpen horri esker, gibeleko gaixotasunei aurre egiteko eta drogak eta sendagaien toxikotasuna probatzeko bide berriak irekitzen dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila