GIBaren infekzioa prebenitzeko injekzioa Afrikan zabaltzeko asmoa iragarri dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

gibaren-infekzioa-prebenitzeko-injekzioa-afrikan-z
GIBari buruzko ikastaro bat, Afrika Erdiko Errepublikan. Arg. Pierre Holtz/UNICEF/CC BY

PrEP terapiak arrakasta handia izan du hiesaren prebentzioan: hari esker, GIB birusa ez da erreplikatzen. Gainera, GIBa odolean detektaezina izatea lortzen bada, ezin da transmititu. Tamalez, munduko biztanle guztiek ez dute eskuragarri PrEP terapia, eta, beraz, GIBak osasun-arazo larria izaten jarraitzen du Afrikako hegoaldean eta ekialdean. Orain, ordea, PEPFAR programaren barruan, arrakala hori ixteko asmoa dute, PrEP injektagarriaren bitartez.

PEPFAR AEBko programa bat da, eta dagoeneko milaka dosi banatu ditu Zanbian, Zinbabwen eta Malawin. PrEP injektagarriak cabotegravir antibirala dauka, eta, pilulekin alderatuta, haren abantaila da epe luzeko eragina duela (injekzio bat, bi hilez behin). Gainera, Afrikan bertan egin dituzten probetan ikusi dute pilulak baino eraginkorragoak direla.

AEBn eta Europan PrPE injektagarria onartuta dagoen arren, ez da asko erabiltzen, garestia baita, baina PEPFARen bidez Afrikan zabaltzea lortu dute, eta erakundeak negoziatzen ari dira farmazia-ekoizlearekin, merkeagoa ekoizteko eta generikoak egiteko baimena lortzeko. Helburua ez da pilulak ordezkatzea, baizik eta prebentziorako bideak zabaltzea, eta herrialdeen arteko arrakalak ixtea.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila