GIBaren aurkako txerto eraginkorrago bat lortu dute tximinoetan, estrategia berri batekin

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

gibaren-aurkako-txerto-eraginkorrago-bat-lortu-dut
T zelulen bidezko erantzun immunologiko zelularra indartzea da txerto berriaren gakoa. Arg. NIH/NIAID

GIBaren aurkako txerto eraginkorrago eta iraunkorrago bat lortu dute tximinoetan, estrategia berri bat erabilita. Antigorputz neutralizatzaileak sortzeaz gain immunitate zelularra indartzea da txerto berriaren gakoa. AEBko ikertzaile-talde batek egin du ikerketa, eta Nature Medicine aldizkarian argitaratu berri dituzte emaitzak.

GIBaren aurkako txertoa garatzeko ahalegin gehienak birusa desaktiba dezaketen antigorputzak (antigorputz neutralizatzaileak) sortzean oinarritzen dira. Ikerketa berri honetan, horrez gain, T zelulen bidezko erantzun immunologiko zelularra indartzea eragin dute. Horretarako, birusaren kanpoko azaleko Env proteinaz gain (antigorputzak ekoiztea eragiten du), Gag izeneko beste proteina biral batekin osatu dute txertoa; jakina baita zelularen immunitatea estimulatzen duela.

Txertoa tximinoetan probatuta, ikusi dute, batetik, orain arteko txertoak baino eraginkorragoa dela, baita antigorputz gutxiago sortzen dituzten animalietan ere. Hori garrantzitsua da, antigorputz neutralizatzaileen potentzia handitzea funtsezko jotzen baita txerto baten eraginkortasunerako. Bestetik, babesaren iraupena luzatzea ere lortu dute. Txertoa jarri eta urtebetera eraginkorra izaten jarraitzen duela ikusi dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila