Antza denez, gene-terapia egokia eta segurua da Parkison-en gaitza tratatzeko. Oraingoz 12 lagunekin bakarrik probatu dute, baina, tratamendua egin zitzaienetik urtebete igaro ondoren, emaitzak oso onak dira, ez baitute inolako albo-ondoriorik izan.
Tratamenduan, kalterik eragiten ez duen birus bat erabiltzen da gene bat sartzeko. Gene horrek gai kimiko batzuk kodetzen ditu, eta, hain zuzen, gai kimiko horiek gehiegizko aktibitatea duten zelulak inhibitzen dituzte garunean. Hala, parkinsonaren sintomak moteldu egiten dira.