Landareak estres baten eraginpean daudenean, defentsa-mekanismoak jartzen dituzte askotan martxan, eta, babesteko, konposatu kimikoen ekoizpena handitzen dute, besteak beste. Konposatu horietako batzuek balio farmakologikoa edo komertziala dute. Bada, Arizonako Unibertsitateko ikertzaile-talde batek lortu du 30 miliampereko deskargak eraginda landare jakin batzuetan konposatu horien ekoizpena handitzea. Zortzi landare-espezietan probatu zuten, eta, zortzitik zazpitan, espero zuten emaitza lortu zuten. Batez beste, hogei aldiz konposatu gehiago ekoitzi zuten; baina hortik gorakoak ere izan ziren: alpapa-mota batek 168 aldiz gehiago ekoitzi zuen.