Gas natural likidotua birgasifikatzeko instalazioak

Batzuetan, hobiko gas naturala likidotu eta, metano-itsasontzietan, inportazio-terminaletaraino garraiatzen da. Erregai gisa erabiltzeko, ordea, beharrezkoa da likidotutako gasa berriro gas bihurtzea.

Gas natural likidotua garraiatzen duten metano-itsasontziak hodien bidez konektatzen dira birgasifikatzeko instalazioetako biltegiratze-tangekin. Itsasontzietan, gas natural likidotua oso tenperatura baxuan ( -160 ºC) egoten da eta jatorrizko bolumena baino 630 aldiz gutxiago betetzen du, eta egoera horretan eramaten da biltegiratze-tangetara. Birgasifikatzeko instalazioak, oro har, gune industrialetan edo jendea bizi den guneetatik gertu daudenez, ezinbestekoa da tangen eraikuntzan segurtasun-neurri handiak hartzea. Besteak beste, gas likidotuen dentsitate-desberdintasunagatik gertatzen den estratifikazioa eragozteko neurriak hartu behar izaten dira.

Gas natural likidotua birgasifikatzeko instalazioa.

Biltegiratze-tangak zilindrikoak edo esferikoak izaten dira eta, normalean, barne- eta kanpo-egitura izaten dute. Egitura horiek material metalikoz edo hormigoi prentsatuz egindakoak izan daitezke. Gehien erabiltzen diren biltegiratze-sistemak airekoak dira. Hala ere, segurtasun handia, lurrikaren kontrako babesa eta inguruneko paisaian albait eragin txikiena lortzeko, terminal moderno batzuetan lurpean sartutako tangak erabiltzen dira. Hartara, besteak beste, gasa kanpora isurtzeko arriskua saihesten da.

Birgasifikazio-instalazioetan hainbat prozesu gertatzen dira. Lehenengo, biltegiratze-tangako gas natural likidotua tangatik ateratzen da ponpen bidez. Ondoren, kolektorearen bidez, gasa lurrungailuen gunera bideratzen da. Lurrungailuetan, gas likidotua gasifikatu egiten da (75 bar-eko presioan) eta 0 ºC-tan dagoen lurruna lortzen da. Erabiltzen diren lurruntze-sistema arruntenak itsasoko ura darabilten lurrungailuak dira. Azkenik, lurrungailuetan lortutako gas naturala, dagokion neurketa-instalaziotik igaro ondoren, gasbideen sarera bideratzen da hainbat presiotan (72 bar, 45 bar, etab.).

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila