Garuna zaintzeko adierazle bila

Garuna zaintzeko adierazle bila
2006/09/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Tronbosiak eta garuneko isuriak, besteak beste, iktus izenaz izendatzen dira. Gertaera larri horietako bat jasan duten gaixoek, zoritxarrez, arrisku handiagoa dute berriz ere horrelako beste gertaera bat jasateko eta, ondorioz, hiltzeko. Horregatik, lehenengo aldiz, Estatu espainiarreko 52 ospitale --horien artean, Basurtuko, Gurutzetako eta Bidasoako eskualde-ospitaleak-- ikerketa batean parte hartzen ari dira, ikusteko ea hanturaren markatzaile jakin batzuk erabil daitezkeen beste iktus bat edo gertaera baskular bat --bihotzekoa adibidez --izateko arriskua detektatzeko.

Ikerketak MITICO izena du, eta duela gutxi aurkeztu dute Iktus Iskemikoaren IV. biltzarrean. 1-3 hilabete lehenago iktus bat jasan duten gaixoak hartu dituzte kontuan ikerketan, eta, kontrolen bidez, plasman dauden zenbait hantura-markatzaile (interleukinak, metaloproteasak, fibronektinak...) aztertu dizkiete urtebeteko epean.

Horrez gain, aztertu dute bihotzekoak saihesteko erabiltzen diren ohiko farmakoek (plaketaren antiagregatzaileak, hipertentsioaren aurkako botikak, estatinak...) hanturaren markatzaile horietan eraginik duten ala ez; hau da, markatzaile horien mailan jaitsierarik eragiten duten ala ez.

Emaitzarik ez dago oraindik, baina ikertzaileek adierazi dute hiru hilabeteko epean ezagutaraziko dituztela.

1
223
2006
9
022
Osasuna; Medikuntza
Berriak labur
10
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila