Trentoko Unibertsitatean (Italia), garun-organoideak sortu dituzte haurren garuneko minbizia ikertzeko. Garunen antzeko ehunka miniaturazko organo sortu dituzte laborategian, zelula ametatik abiatu eta hiru dimentsioko kultibo zelularrak eginda. Tumoreen in vitro eredu horiek meduloblastoma, haurren garun-minbizirik erasokorrena ikertzeko erabili dituzte. Izan ere, meduloblastoma duten haurren % 70ek bakarrik irauten dute bizirik diagnostikoa jaso eta handik bost urtera, tratamenduak eraginkorrak ez izateaz gain, haien albo-ondorioak gogorrak baitira.
Horretarako, garun osasuntsuetan eta garuneko tumoreetan oinarritutako organoideak sortu dituzte ikertzaileek, haur pazienteen zelulak hartuta, eta zailtasunik handiena tumoreetan oinarritutako organoideak sortzea izan dela onartu dute. Organoideak esfera irregular gisa hazi ziren kultiboetan, kakahuete baten tamainan, baina ikusi dute gaixotasun-zantzuak badituztela. Hortaz, ikertzaileek adierazi dute tumoreen ereduok baliagarriak izango direla tumore pediatrikoak modelizatzeko eta tratamenduak probatzeko. Nature Communications aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Elhuyarrek garatutako teknologia