Ganimede ia planetatzat hartzen da. 5.260 kilometroko diametroa du Jupiterren ilargi handiena den honek. Eguzki-sistemako planeta-satelite garrantzitsuena da. Merkurio (4.878 km-ko diametroa) baino handiagoa da eta planetaren tamaina du. Gainera Galileo zundak eremu magnetikoa duela detektatu du. Ganimede-k eremu magnetikoa bere barne-egiturari esker izan dezake. Aspalditik uste zen hori, baina Galileo zundak orain egiaztatu du susmoa.
Barne-egituran hiru geruza egongo lirateke elkarren gainean. Erdian 400-1.200 kilometroko gune metalikoa izango du, gainean silikatu-haitzezko geruza izanik, eta dena 900 kilometro inguru lodiko izotz-estalki batek inguratuko luke. Ganimede-ko eremu magnetikoa Lurrekoa bezalaxe sortzen da, gune metalikoaren inguruko geruza likidoaren errotazio- eta konbekzio-higiduren bidez.
Dena dela, oraingoz Ganimede da Eguzki-sisteman eremu magnetikoa duen satelite bakarra, baina agian Jupiterren Io sateliteak ere izango du. Baina Ganimede-k badu beste berezitasun bat. Izan ere, Eguzki-sisteman beste inon ez bezala bere magnetosfera Jupiterren magnetosferaren barnean dago.