Duela gutxi Venta del Moro (Valentzian) eta Librilla-n (Murtzian) egin diren aurkikuntzek gameluen sorrerari buruzko arazoa pil-pilean jarri dute. Paracamelus espeziearen hondakinak aurkitu dituzte; Goi Miozenoari dagozkionak eta orain dela 7-7,5 milioi urtekoak. Europan aurkitu diren gamelu fosilik zaharrenak dira.
Kamelidoen jatorritzat Amerika jotzen da eta handik nola sakabanatu ziren gutxi-asko ezagutzen da. Lehen gizakien kontrako norantzan Bering itsasartea zeharkatuz Asiara zabaldu ziren, handik Europako hegoaldera heldu zirelarik.
Amerikan orduan, lau gamelu-espezie bizi ziren: Procamelus, Titanotylopus, Gigantocamelus eta Megacamelus izenekoak. Zein ote zen guztien arbasoa? Titanotylopus eta Gigantocamelus izenekoak ez, Paracamelus baino dezentez geroago agertu zirelako. Procamelus ala Megacamelus izeneko espeziea izan daiteke, beraz. Dena den, oraindik argitzeke dago gameluak Amerikan zergatik galdu ziren.