Irudian duzuen zeppelinari “radeau des cimes” (“gainetako almadia” alegia) izena jarri dio Francis Hallé bere diseinatzaileak. Zer dago zentzu handirik ez duen izen bitxi horren gibelean?
Oihan tropikaleko zuhaitzen goi-adarrak aztertzeko sistema berri bat da “radeau des cimes” delako hori. Baso tropikaletako goi-adarretan dagoen bizitza oparoa ez da egokiro ezagutzen, bertaraino iristea oso zaila delako. Eguzkitik datorren argiaren zatirik handiena goi-adarretan gelditzen dela kontutan hartu behar da eta beraz bizia naharoa da bertan. Orain arte erabili diren metodoak, hala nola zuhaitzetara igotzea, plataformak egitea, aireko pasabideak eraikitzea eta airetiko argazkigintza, ez dira erabilgarri gertatu oso toki konkretuak bakarrik azter zitezkeelako.
Hallé-ren ideia zeppelin baten bidez airetik hurbiltzea da. Zeppelinetik zintzilik plataforma hexagonal bat dago eta bertan sei lagun ibil daitezke lanean. Zeppelinak plataforma nahi den tokira eraman dezake eta bertan utzi gura izanez gero. Basoaren goi-adarrak zuzen-zuzenean azter daitezke horrela.
Plataformari plastiko arinezko lukainka itxurako poltsa puzgarriek ematen diote sendotasuna. Lukainken artean sare bat dago. Guztira 700 m2 ditu plataformak.
Plataforma honen lehenengo prototipoa 1985.ean eraiki zen eta helikopteroz nahi lekura eraman zitekeen egitura triangeluarra zen. Frogatu zutenean, helikopteroaren helizeek adarrak hondatzen zituztela ikusi zen. Bigarren bertsioa 1986.ean frogatu zuten Guyanan eta globo batetik zintzilik zegoen. Hartan adarrik ez zen hausten, baina haizeak globoa gobernagaitz bihurtzen zuen. Azkenik, aire berozko zeppelina aukeratu da.
60 bat ikerlarik hartuko du parte esplorazio honetan, horien erdiak brasildarrak izango direlarik. Joan den uztailean irten behar zuen espedizioak, baina brasildar gobernuak ez zien baimenik eman. Uste denez, eta brasildarren politika ekologikoari eginiko kritiken kausaz, baimena lortzea zenbait hilabetez luza daiteke.