Fusio-energia erabilgarria izateko ezinbesteko pauso bat eman dutela baieztatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

fusio-energia-erabilgarria-izateko-ezinbesteko-pau
Emandakoa baino energia gehiago sortzea lortu dute NIFen. Arg. Lawrence Livermore National Laboratory

Fusio-erreakzioa gertatzeko sistemari eman zaion energia baino gehiago sortzea. Horra ezinbesteko baldintza, fusio-energia erabilgarria izateko. Eta hori lortu dutela berretsi du AEBko gobernuak. Lawrence Livermore laborategiko NIF Ignizio Instalazioan lortu dute, abenduaren 5ean, konfinamendu inertzialaren bidez.

Fusio-energia izarretan sortzen den energia-mota da; adibidez, eguzkian. Eguzkiko bero  (1500 ºC) eta grabitate izugarriek hidrogeno-atomoak erreakzionarazten dituzte: hidrogeno-atomoak fusionatu egiten dira, eta helioa sortzen dute. Horrekin batera, energia pila bat askatzen da. 

NIFen erreakzio hori bera egin nahi dute, modu eraginkor eta kontrolatuan, erregaitzat erabiltzeko. Azken helburua energia-iturri garbi, merke eta agorrezina izatea da. Alabaina, Eguzkiko kondizioak Lurrean lortzea ez da erraza. NIFen konfinamendu inertzialaren bidez ari dira saiatzen. 

Konfinamendu inertziala hidrogenoaren bi isotopo (deuterioa eta tritioa, biak ere merkeak eta ugariak) berotzean eta konprimatzean datza, fusiona daitezen. Fusionatzen direnean, helio-atomo bat sortzen da, neutroi aske bat, eta energia-kantitate handia. 

Horretarako behar den energia laserren bitartez sortzen da. Hain zuzen, NIFa energia altuko laserren munduko instalaziorik handiena da. 192 laser ditu, eta aurreko laser-sistemek baino 100 aldiz energia gehiago sortzeko gai dira. 

Hidrogenoa fusionatzeko laserrek ematen duten energia baino gehiago sortzen denean gertatzen da ignizioa. NIFen 2010ean hasi zituzten esperimentuak, eta orain iragarri dute 2,5 megajulio lortu dituztela, 2,1 megajulio emanda. Hau da, emandako energia baino % 120 energia gehiago lortu dute.

Aurrerapauso handia da, konfinamendu inertzialaren bidezko ignizioa lorgarria frogatu baitute. Baina lortu duten energia-kantitatea oso txikia da, eta horretarako eman behar izan duten energia, berriz, gehiegizkoa. Alegia, hortik fusiozko zentral nuklearrak izaterainoko bidea oso luzea eta korapilatsua da oraindik. 

Konfinamendu magnetikoa

NIFen paraleloan, eta helburu berarekin (fusio-energia kontrolatzea eta modu eraginkorrean lortzea), konfinamendu magnetikoa probatzen ari dira beste laborategi batzuetan, tartean, ITERen. Frantzian dago, eta Iter hitza Nazioarteko Erreaktore Termonuklear Esperimentala akronimoa da ingelesez (International Thermonuclear Experimental Reactor); latinez, berriz, “bidea” esan nahi du. Eta han ere luzea izaten ari da bidea.

ITERen, laserren ordez, eremu magnetikoak erabiltzen dituzte hidrogeno-isotopoen fusioa lortzeko. Aurretik, Erresuma Batuko JET laborategian frogatu zuten teknologia hori baliagarria dela fusioa sortzeko, eta ITERen helburu handinahiak dituzte.

Era batera zein bestera, sortzen den energia garbia da, eta lehengaiak, ia agorrezinak. Tartean, material erradioaktibo batzuk ere sortzen dira, baina urte gutxien buruan uzten diote erradioaktibo izateari. Eta, fisioa ez bezala (zentral nuklearretan erabiltzen den erreakzio-mota), guztiz segurua da. Horrek guztia bihurtzen du hain erakargarri fusio-energia. Tarte handia dago, ordea, laborategian esperimentalki lortzetik, zentraletan modu errentagarrian egitera. Beste hitz batzuetan: egungo energia-krisia ez da gaindituko gaurko aurrerapausoari esker.
 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila