Errekor berria fusio bidezko energiaren sorreran

24 urtez iraun duen marka erori da

errekor-berria-fusio-bidezko-energiaren-sorreran
Europako JET erreaktorean lortu dute marka berria. Arg. Eurofusion

ITERen plasma bidezko probak 2025era arte hasiko ez badira ere, dagoeneko martxan dira beste fusio-erreaktore esperimental batzuk. Hain zuzen horietako batek, Oxforden (Ingalaterran) dagoen JET erreaktoreak, fusio nuklearraz inoiz lortutako energia-ekoizpenik handiena eskuratu du: 59 megajulio sortu ditu, 21,7 megajulioen aurreko markaren aldean. Ia hirukoiztu egin du.

Hogei urte behar izan dituzte JETen hobekuntzak egiteko. Besteak beste, harward-a hobetu eta erregai gutxiago alferrik galtzeko aldaketak egin dituzte. Arg. Eurofusion

Gainera, ekoizpena denboran mantentzea da teknologia honen erronkarik handienetako bat, eta, kasu honetan, 5 segundo luzez mantendu ahal izan dute ekoizpen-tasa.

Energia ekoizteko, deuterio- eta tritio-nukleoak dituen plasma ionizatua erabili du JETek erregai modura, ITERek erabiliko duen plasma bera eta teknologia bera. Presioaz eta beroaz, hidrogenoaren isotopo horiek fusionatu eta helioa sortzen dute, energia askatuz, neutroi moduan. Orain arte, inongo erreaktorerik ez du lortu sartutako energia baino gehiago ekoiztea, eta JETen emaitza berriek ez dute hori aldatu. Baina ITERen lor daitekeela iradokitzen dute.

Hogei urte baino gehiago behar izan dira prozesua optimizatu eta aurreko marka hausteko. Ikertzaileek adierazi dute fusio nuklearraren errentagarritasun energetikoaren norabidean urrats garrantzitsua izan dela, zalantza gabe. Nature aldizkarian argitaratu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila