Frogatu dute erretinaren azterketa baliagarria izan daitekeela parkinsonari jarraipena egiteko

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

frogatu-dute-erretinaren-azterketa-baliagarria-iza
Koherentzia optikoko tomografia (LaNCE-Neuropharm - GIC 21/133). Arg. Laura López EHU

Gaur egun, parkinsonean, erronka handia da narriadura kognitiboa izateko arriskua duten pazienteak identifikatzea, tratamendu kliniko eraginkorragoak emateko eta entsegu klinikoetan aurrera egiteko. Helburu horrekin, ikusmen-sisteman oinarritutako ikerketa bat egin dute EHUko eta Biobizkaiako ikertzaileek, eta ondorioztatu dute oftalmologiako probak egiteko erabili ohi den metodo bat egokia izan daitekeela, parkinsonean gertatzen den neurodegenerazioa monitorizatzeko. Hain zuzen, ikusi dute litekeena dela erretinaren neurodegenerazioa narriadura kognitiboaren aurretik gertatzea.

Ikerketan, parkinson-gaixoen talde bati erretinaren geruza barrukoenaren lodiera neurtu diete, koherentzia optikoko tomografia bidez. Tomografia-mota hori proba oftalmologikoak egiteko erabili ohi den tresna da; eta aukera ematen du bereizmen handiko neurketak egiteko, errepikagarriak eta zehatzak. Hala, parkinsona duten eta ez duten pertsonetan, 2015-2021 bitartean erretinaren geruza horrek izan duen bilakaera aztertu dute. Horrez gain, Erresuma Batuko ospitale bateko pazienteen erretina-geruzen irudiekin berretsi dituzte emaitzak.

Ikerketak agerian utzi dutenez, erretina-geruza nabarmen finagoa da parkinsona duten pazienteetan. Gainera, ikusi dutenez, gaixotasunaren hasierako faseetan hautematen da erretinan neurodegenerazio handiena, eta, une batetik aurrera, erretinaren geruza oso finduta dagoenean, neurodegenerazio hori egonkortu bezala egiten da. Hortaz, erretina-geruza mantsoago fintzeak esan nahi du gaixotasuna larriagoa dela.

Maila klinikoan erabiltzeko, oraindik alderdi batzuk berretsi eta bereizmena hobetu behar direla ohartarai zute ikertzaileek, baina ikerketa garrantzitsutzat jo dute, proposatzen duten metodoa ez-inbaditzailea delako eta ospitale guztietan dagoelako. Beraz, ikertzen jarraitzen dute, metodoa hobetzeko eta emaitzak nazioartean baliozkotzeko.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila