Laser-pultsu motz-motzak igortzen dituen sistema batekin, fotosintesian gertatzen den elektroi-mugimendua xehetasun handiagoaz aztertzea lortu dute. Zehazki, fotosintesian parte hartzen duen LH2 proteinan gertatzen den elektroi-mugimendua aztertu dute Dublingo Unibertsitate Eskolako eta Londresko Imperial Collegeko ikertzaile batzuek.
LH2 proteinaren funtzio bat da ur-molekulak haustea eta molekula horietatik elektroiak askatzea, fotosintesian gertatzen den elektroi-garraioan parte har dezaten, eta, azkenean, karbono dioxidoa azukre bihurtzeko beharrezkoa den energia sor dezaten.
Zientzialariek bazekiten elektroi-garraio hori gertatzen dela; ez zekiten, ordea, nola jartzen diren elektroiak elkarrekintzan fotosintesian parte hartzen duten molekulekin. Izan ere, orain arte erabilitako laser-teknikek eraldatu edo suntsitu egiten zituzten fotosintesiko proteinak, oso sentiberak baitira.
Aipatutako ikertzaileek, berriz, 100 femtosegundoko iraupena besterik ez duten laser-pultsuak erabili dituzte. Pultsu horiek nahikoa izan dira LH2 proteinaren barruan gertatzen diren elkarrekintzei antzemateko, baina motzegiak proteina eraldatzeko.