2020-2022 urteen artean, mundu osoko hamabost herrialdetako formula-esneen oharrak aztertuta, ondorioztatu dute baieztapen gehienek ez dutela hura babesten duen erreferentzia zientifikorik, eta, badutenetan ere, ez dela nahikoa sendoa.
Ikerketa BMJ aldizkari zientifikoan argitaratu da, eta egileek hasieratik utzi dute argi bularreko esnea dela elikagai egokiena haurrentzat. Halaber, ohartarazi dute faktore askok eragiten dutela haurra elikatzeko erabakian —medikoak, sozio-politikoak, eta psikologikoak—, eta, horien artean, pisu handia dutela formula-esnearen industriaren propagandak. Hain zuzen, hori bera berresten du The Lancet aldizkariak argitaratu berri duen editorialak ere (izenburua, hitzez hiz: Esne-industriaren taktika harrapariak agerraraziz).
Hala, 700 produktu baino gehiagoren osasun-eta nutrizio-oharrak aztertu dituzte, ikusteko zenbateraino dauden oinarrituta ebidentzia zientifikoan. Hamabost herrialdetako produktuak hartu dituzte aintzat: Espainia, Alemania, Italia, Erresuma Batua, Australia, Kanada, India, Japonia, Nigeria, Norvegia, Pakistan, Errusia, Saudi Arabia, AEB eta Hegoafrikar Errepublika. Eta 600 produktu inguruk zuten era horretako ohar bat, gutxienez. Erdietan baino gehiagotan, honen antzeko zerbait azaltzen zen: “garuna edo nerbio-sistema garatzen laguntzen du”. Bigarren ohikoenak immunitate-sistema sendotzen zuela zioen.
Ustezko eragin horiek era askotako osagari lotuta agertzen ziren, baina laurdenak inguru bakarrik egiten zieten erreferentzia saio klinikoei. Aipatutako saio kliniko horiek, hala ere, oso ahulak ziren eta alborapenak zituzten.
Ikertzaileen esanean, formula-esneen gaineko araudiek zorrotzagoak izan beharko lukete, kontsumitzaileak babesteko.
Elhuyarrek garatutako teknologia