Formula-esnearen industriaren praktika engainagarriak salatu ditu OMEk

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

formula-esnearen-industriaren-praktika-engainagarr
Arg. Artxibokoa

Formula-esnearen industriak marketin digitaleko praktika engainagarriak erabiltzen dituela salatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, txosten batean. Industria horrek 52 mila milioi euroko balioa du munduan, eta botere horren zati bat sare sozialen plataformak eta influenzerrak ordaintzera bideratzen du, haurdunak eta ama izan berriak haien produktuak kontsumitzera bultzatzeko.

Txostenaren arabera, formula-esnearen konpainiek informazio pertsonala erosi edo bildu, eta emakume haurdunei eta amei sustapen pertsonalizatuak bidaltzen dizkiete, hainbat tresna erabiliz; besteak beste, aplikazioak, laguntza-talde birtualak, klubak, sustapenak, lehiaketak eta aholkularitza-zerbitzuak. Hala, 2021eko urtarriletik ekainera bitartean, sare sozialetan 229 milioi erabiltzaile izatera iritsi dira.

Erabiltzaileek jasotzen duten mezua engainagarria da, formula-esnea edoskitzea baino hobea dela iradokitzen baitu, ebidentzia zientifikoaren aurka, baita OMEren beraren gomendioen eta kodearen aurka ere. Hain zuzen, 1981ean sortu zen amaren esnearen ordezkoak merkaturatzeko nazioarteko kodea, amak marketin-praktika oldarkorretatik babesteko. Konpainiak, ordea, kode hori nabarmen urratzen ari dira, eta marketin digitaleko teknika ahaltsu horiei esker, hazten ari da formula-esnearen merkatua.

Hala, OMEk dei egin dio industriari kodea aintzat hartzeko eta praktika horiek bertan behera uzteko, eta gobernuei, berriz, haur eta familia berriak babes ditzala eskatu die, formula-esneko publizitate oro arautuz eta betearaziz.

 
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila