Azken urteotan jendeak Paleontologiarekiko interes handia erakutsi ohi du, osperik handiena lortu dutenak dinosauruak badira ere. Narrasti horiek duela 65 milioi bat urte suntsitu arren, literaturak, zineak, erakustaldiek eta komunikabideek berpiztu eta berriro ere gurera ekarri dituzte. Egungo ume askok dinosauruen generoak eta espezieak zein ezaugarri nagusiak buruz dakizkite eta oraindik bizirik baleude hartzen dituzte. Areago, Paleontologiaren popularizazioak herri-elkarte eta talde paleontologiko askoren sorrera ekarri du, baita fosilen azokak eta salmenta ere.
Baina mundu honetan erraz jartzen zaio edozein gauzari prezioa, maiz bere benetako balioa kontutan hartu ala ezagutzen ez bada ere. Komertziotik ez da ezer libre, ez eta elementu geologiko nahiz paleontologikorik ere. Fosilen salmenta oso zabaldu da eta egun fosilik preziatuenak eta bakarrenak erosteko aukera dago. Komertzio horrek bide legal eta ilegalak, indusketa piratak barne, jorratzen ditu eta “marfilaren kontrabandoa” delakoaren pareko izatera iritsi da hainbat estatutan, Mongolian, Txinan eta Estatu Batuetan esaterako. Hona hemen adibidez, Estatu Batuetako katalogo batean salgai dauden artikulu pare bat:
a/ Enbrioidun Dinosauru-Arrautza: CATT-en bidez aztertutako enbrioia; ale hau era honetako bakarra da munduan; Kretazeo Periodokoa; Erref. 91; Prezioa: US $1,6 milioi (40 milioi libera, 200 milioi pta.)
b/ Behe Eozenoko saguzar prehistorikoa arrokan. 55 milioi urte zahar; bost ale besterik ez dira topatu munduan; kalitateari dagokionean, hauxe da bigarrena eta topatutako zaharrena; 10 cm luze; Erref. 118; Prezioa: US $77,000 (10 milioi pta. 400.000 libera).
Katalogo berean arrautzadun dinosauru-habiak, dinosauru eskeletoak zein hegazti, ugaztun eta beste izaki askoren fosilak nahiz Martitzeko meteoritoak eskaintzen dira.
Zorigaitzez, erregistro geologiko zein paleontologikoa bakarrak eta errepikaezinak dira. Horretan datza fosilen garrantziaren alde bat. Fosilak ezin dira egin edota fabrikatu eta milioika urte pasa ondoren iritsi dira gure eskuetara. Guk ez baditugu zaintzen, betirako desagertuko dira, oso informazio handia galduz. Arroketan zein fosiletan —bai eta egungo izaki bizidunetan ere— gure planetaren historia idatzirik dago. Aitzitik, bere irakurketa ez da erraza. Azterketa paleontologikoa garaiko ezagumendu eta aurriritzien bidez ikustatutakoaren gain hipotesiak proposatzean eta teoriak finkatzean datza.
Fosilek, ale arkeologikoen erara, bere testuingurutik kanpo isolaturik, balio zientifiko gehiena galdu egiten dute eta sarritan, apaingarri soil bihurtzen dira. Fosila indusi aurretik, bere kokapen estratigrafikoa, jarrera, orientazioa arrokaren barnean, harremana eta elkarketa beste fosilekin nahiz beste ezaugarri tafonomiko anitz zehaztu behar dira, bestela oso balio handikoa den informazioa, fosil askoren kasuan informazio baliagarriena eta ia bakarra dena, betirako galdu egiten baita. Beraz, erregistro paleontologiko zein geologiko eta arkeologikoa, klabean daude idatzirik eta “irakurri” zein “manipulatzen” diren heinean, neurri handi batean alteratu egiten dira.
Zoritxarrez, erregistro paleontologikoak eta geologikoak etengabe erasoak jasaten dituzte. Lan publiko askok, hainbat aktibitate industrialek eta fosilen komertzioak maiz guztiona den patrimonio bakarra desegin edo pribatizatu egiten dute. Horregatik erregistro fosilaren izaera errepikaezinaz jabetzea beharrezkoa da erabat eta ondorioz, kontsekuenteki jokatzeak izugarrizko garrantzia hartzen du. Tamalez, maiz hori ez da betetzen, ez zenbait giro zientifikoetan ez eta heziketarako hainbatean zein legislatzeko lanabesak dituzten instituzioetan ere ez. Ororena den ondare paleontologikoak behar duen babesa har dezan, gure instituzioak eta komunikabideak hezitzea zientzilari guztion lana da. Hala bedi.