Atomoak eta molekulak modu jakin batean antolatzea edo ordenatzea ezinbestekoa da bizia izateko. Eta hori termodinamikaren bigarren legearen kontra doa, entropia txikitzea baita. Alabaina, beroa askatuz inguruneko entropia handituta konpentsatzen dute hori bizidunek. Horixe bera gertatzen da bakterioen ugalketan. Bakterio batetik bi sortzea ere ordenatze-ariketa bat da. Bada, E. coli eredu hartuta, bakterio berri baten osagaiak ordenatzeko askatu beharko litzatekeen bero-kantitate minimoa zein den kalkulatu du Massachussettsko Teknologia Institutuko ikertzaile-talde batek. Eta ondorioztatu dute bero-kantitate hori E. coli bakterioek erreplikatzean askatzen dutenaren heren bat dela.
Hala, eraginkortasun maximo teorikora iristeko, bakterioek bi aldiz eraginkorragoak izan beharko lukete. Ikertzaileen esanean, hori ez da probablea naturan, bakterioek kondizio desberdinetara egokitu behar dutelako, eta, beraz, ezin dutelako baldintza konkretu batzuetarako bakarrik optimizatu. Baina bioteknologiaren arloan, aukera egon liteke bakterioak eraldatuz haien eraginkortasuna handitzeko, eta, hala, bi aldiz azkarrago ugaltzen diren bakterioak sortzeko.