Amaren karenean bakterioak egon daitezkeen susmoa 2012an zabaldu zen. Haur jaioberrien hesteetako bakterioak erditzean hartutakoak zirela uste zuten, baina hara non ikusi zuten amaren baginako bakterio-komunitatea eta haurraren gorozkietakoa ez zirela berdinak. Hortaz, bakterio horiek beste jatorri bat izan behar zuten. Giza Mikrobioma Proiektuaren baitan, 320 karenetako mikrobioma aztertu zuten: DNA erauzi eta sekuentziatu egin zuten bakterio-espezieak identifikatzeko.
Ikerketan topatu zituzten bakterio-espezieak ahoan izaten den bakterio-komunitatekoen antzekoak dira. Kopuruan bakterio gutxi omen daude karenean, eta gehienbat espezie onberak dira, metabolismoan laguntzen duten bakterioak batez ere. Horien jatorria amaren ahoan badago, haurdun dagoen emakumearen aho-osasuna zaintzearen garrantzia indartu beharko litzateke, lehen ere bai baitaude aho-osasuna eta haurdunaldiko konplikazioak lotzen dituztenak ikerketak.