Eztabaida sortu da Ilargiko tardigradoen inguruan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

eztabaida-sortu-da-ilargiko-tardigradoen-inguruan
Tardigrado bat, goroldioan. Arg. N.Carrera/Global Soil Biodiversity Atlas

2019ko apirilaren 11n Beresheet zunda israeldarrak talka egin zuen Ilargiaren aurka. Kolpearen ondorioz, zunda suntsituta geratu zen, eta zeraman zama Ilargiaren azalean sakabanatu zen. Orain jakin da zama horren artean bizidun batzuk ere bazeramatzala: milaka tardigrado, deshidratatuta eta inaktibatuta, erretxina batean.

Tardigradoak izaki mikroskopikoak dira, eta ezagunak dira egoera gogorrenetan irauteko gaitasun harrigarria dutelako. Berez, Ilargiko kondizioak ez dira egokiak tardigradoak bertan bizitzeko, baina haiek hara bidali izana kezkagarria iruditzen zaio hainbat adituri, ez Ilargia kolonizatzeko arriskuagatik (ez baitago hori gertatzeko arriskurik), baizik eta zunda bidali zuen konpainiak ez zuelako ohartarazi bizidunak ere bazeramatzala.

Daniel Marín Arcones astrofisikariak azaldu duenez, Ilargiak ez du babes berezirik; hain zuzen, Apollo misioek hondakin ugari utzi zituzten, tartean, astronauten gorotzak. Eta espazio agentziek ez dute protokolo adosturik zer bidal daitekeen eta zer ez erabakitzeko. Hala ere, Marínek gogorarazi du konpainia behartuta zegoela zamari buruzko informazio xehea ematera Israelgo eta AEBetako gobernuei (Floridatik atera zen zunda, Space X-ren Falcon 9 suziri batean). Are gehiago, gobernuek dute baimena emateko edo ukatzeko aukera.

Horrenbestez, informazio hori ezkutatu izana da kezka piztu duena. Marínen ustez, tardigradoen auziak agerian jarri du badela garaia nazioarteko hitzarmen batean zehazteko zer bidal daitekeen eta zer ez espaziora.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila