Ez zuten ikusi argia baino neutrino azkarragorik OPERA laborategian

GPSari lotutako akatsak gertatu ziren esperimentuetan

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

ez-zuten-ikusi-argia-baino-neutrino-azkarragorik-o
Arg. Guillermo Roa

Joan den irailean fisikako albistea harrigarria izan zen: argia baino azkarrago mugitzen diren neutrinoak detektatu zituzten. Einsteinen erlatibitate bereziaren teoria, hain zuzen, kontrako printzipioan oinarrituta dago, alegia, ezin dela gainditu argiaren abiadura, eta, beraz, albiste horrek kolokan jartzen zuen erlatibitate bereziaren teoria. Horrenbestez, zientzialariek esperimentuan akatsik ba ote zegoen bilatu dute, eta, bai, bi akats aurkitu dituzte.

Fisikari askok egin zuten zalantza iraileko albistearekin. Neutrinoak CERN laborategian sortzen ziren, Genevan, eta OPERA laborategian detektatzen zituzten, Italiako erdialdean. 730 kilometroko bidaia hori argiak baino 60 nanosegundo azkarrago egiten zuten, OPERAko fisikarien neurketen arabera.

Bi akatsak GPS-sisteman zeuden, bidaiaren bi muturren denborak eta distantziak neurtzeko garaian. Alde batetik, sinkronia-arazoak zeuden. GPSaren seinalea satelitez iristen da, eta satelitea oso azkar mugitzen da orbitan. Abiadura horrek eragiten du denbora abiadura ezberdinean pasatzea satelitearen erlojuan eta Lurrekoan , hain zuzen ere, erlatibitatearen teoriak azaltzen duen moduan. Horregatik, satelitearen erlojua eta Lurrekoa sinkronizatu behar ziren, eta prozesu horretako kalkuluak ez zeuden ondo eginak. Beste alde batetik, OPERAko zientzialariek esan dute “konexio akasdun bat” zegoela GPSaren seinalea OPERAko erloju nagusira eramaten duen sisteman, zuntz optikoaren konexio batean.

Azalpena ez dago osatua. Akatsak detektatu dituzte, baina akats horiek zenbateraino eragiten dioten neurketari egiaztatzea falta da. Adituek diote bi akatsek kontrako noranzkoan aldatzen dutela bukaerako emaitza. Nolanahi ere, neurketa okertzat hartu behar da; ez da argia baino neutrino azkarragorik detektatu. Eta OPERAko fisikariek diote neurketa berriak egingo dituztela etorkizunean, akats horiek konpondu ondoren eta neutrino-sortak berriz ere eskuragarri dituztenean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila