Zientzi fikzioko nobela txar baten moduan, gaur egun injinerutza genetikoak izaki bizidunon kode genetikoa aztertu ezezik, manipulatu ere egin dezake laborategian. Teknologiaren aurrerapen azkarrak, izan ere, izakiak genetikoki aldatzeko aukerari ateak zabaldu dizkio, beti ere, helburu komertzialekin, zer uste zenuen ba? Horren ondorioz, naturan aurkitzen diren izakiak eta elementuak patentatzeko interesa agertu da, batez ere enpresa multinazionalen aldetik.
Hori guztia hobeto uler dezagun, adibide bat ipiniko dugu, Indian eta Afrikan aurkitzen den neem izeneko zuhaitzarena, hain zuzen. Inguru horretako herritarrek zuhaitz honen ezaugarriak, propietateak eta erabilpena ezagutu dute betidanik, antisorgailu eta intsektizida gisa baliatu dutelarik nagusiki. Berriki, ordea, W. R. Grace izeneko enpresa estatubatuarrak zuhaitz horretatik eratorritako azadiraktina izeneko konposatua patentatu egin du. Berea da, beraz, Indiako eta Afrikako natur ondare horren jabetza eta, ondorioz, berea da produktua komertzializatzeko eskubidea.
Eta, zer da patente bat? Hitz lauz esatearren, patentea jabetza intelektualaren formula da. Patentearen bidez, produkturen baten ustiapen komertziala jabearen esku geratzen da. Legeari begira, horrela lortutako ustiapen-eskubidea hogei urterako eskuratzen da.
Edozer patentatu nahi denean, legeak ezartzen dituen baldintzak bete behar dira. Besteak beste, patentatu nahi denak berria izan behar du eta, gainera, erabilera industriala eta baliogarritasuna izan behar du. Ikus dezagun berriro arestian jarri dugun adibidea. Zertan datza enpresa estatubatuarren aurkikuntza? Hor dago koxka! Ezer berririk ez, noski, bertakoek lehendik ezagutzen baitzuten produktu horren erabilera. Baina horrek berdin dio; bigarren mailako “tontokeria” da hori, multinazionaleko ikertzaileek produktua “hobetu” egin baitute, itxura denez. Bai azkarrak kapitalistak!
Horrelako argudioak erabiliz, edozein enpresa bihur daiteke izadian aurkitzen ditugun elementuen jabe egun batetik bestera, asmatuta dagoen zerbait berrasmatzea erraza da eta. Dudarik gabe, praktika hori herrien eta animalien eskubideen kontra doa, lapurketa lotsagarria izateaz gain, noski. Gainera, animaliak babesteko eta zaintzeko betebeharraren kontra doa zuzen-zuzenean, patente-politika honek izakiok objektuak balira bezala hartzen baititu.
Horren aurrean, Europan makina bat talde kritiko antolatzen ari da; horietarik batzuk mugimendu ekologistaren itzalean sortuak dira, baina badira tartean bestelako militantziaz sortuak: feministak, nekazarien sindikatuak, elkartasuna bultzatzen duten elkarteak, ezkerreko taldeak... Espainian ere Biziaren Gaineko Patenteen Aurkako eta Injinerutza Genetikoa Kontrolatzearen Aldeko Sarea sortu da; Euskal Herrian ez dugu oraindik horrelako talderik, baina EHNE sindikatua aipatutako sare horretako kidea da eta beste talde batzuek (Eguzkik, Ekik, Erreka Plataformak, eta abarrek) praktika horren aurrean duten kezka azaldu dute.
Tamalez, euskaldunok lasai hartu beharko dugu kontu hori; izan ere, gure artean biodibertsitatea eta naturaren aberastasuna nahikoa urria da eta dugun klase politikoari esker, urte gutxitan urriagoa izango da, gainera. Nolanahi ere, multinazionalen lapur berrien kontra jartzea ez da txarra; ea horrela ez diguten ezer ostutzen. Beraiek azkarrak dira, noski, baina ezingo dute esan euskaldunok atzo goizekoak garenik!