Presio atmosferikoa bat-batean jaisteagatik izaten dituzte arazoak mendizaleek Everesten. Orain, Kanadako meteorologo batek aurkitu du haize-bolada indartsuek jaisten dutela presioa bat-batean.
1996ko maiatzean zortzi lagun hil ziren Everesten ekaitzak zirela eta. Ekaitz zital horien istorioa liburu batean jaso zuten, Into Thin Air -en, hain zuzen. Mendizaleak eguraldi onaren zain egon ziren gailurrerantz abiatu baino lehen; abiatu eta gutxira, ordea, haize-boladek presioa azkar jaitsi zuten, eta oxigenoaren kontzentrazioa maila arriskutsura iritsi zen. Izan ere, kondizio horietan, oxigeno-kantitatea % 6 ere murrizten da; eta mendizaleen arnasteko gaitasuna, berriz, % 14. Oxigeno-faltak nahasi eta desorientatu egin zituen mendizaleak. Seguru asko, horregatik gertatu ziren istripu hilgarriak.
Haizearen eragina aztertzeko, meteorologoek neurgailu batzuk jarri zituzten Everesten hegoaldeko lepoan 1998an. Gutxi gorabehera 8.000 metrora daude tresnak; beraz, munduko meteorologia-estaziorik altuena da. Estazio horren bitartez, haize-boladen eta bat-bateko presioa jaistearen artean lotura bazegoela baieztatu zuten.
Mendizaleek beti hartu dute haizearen abiadura kontuan igotzen hasi behar duten ala ez erabakitzeko; baina, meteorologoen iritziz, hemendik aurrera, presioan eragiten duten haize-bolada indartsuak ere kontuan hartu beharko dituzte. Ez dezagun ahaztu haize-bolada horiek iragartzea erraza dela.