Euskaldunon jatorria, Iberiar penintsulako lehen nekazariekin erlazionatua

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Uppsala Unibertsitateak gidatutako nazioarteko ikerketa-talde batek frogatu duenez, gaurko euskaldunen jatorri genetikoa Iberiar penintsulako nekazari zaharrenekin erlazionatuta dago. Hain zuzen ere, duela 3.500-5.500 urte Atapuercan bizi ziren zortzi gizakiren genomak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute euskaldunena dela haiekin ahaidetza estuena duen gaur egungo populazioa.

euskaldunon-jatorria-iberiar-penintsulako-lehen-ne
El Portalon aztarnategiko hezurduretako bat. Arg. Javier Trueba/Madrid Scientific Films

Antzinako DNArekin egindako lehen ikerketa batzuek iradoki zuten Europako lehen nekazariak ekialdetik iritsi zirela kontinenetara, eta lekuko populazio ehiztari-biltzaileak ordezkatu zituztela. Ondoren egindako ikerketek, ordea, ukatu egin dute hipotesi hori. Antza denez, bi taldeak nahastu egin ziren, eta haien oinordeko dira gaurko europarrak.

Dena den, ikerketa horietako gehienak Europako ipar eta erdialdean egin dira; beraz, oso informazio gutxi zuten Europako hegoaldean eta, zehazki, Iberiar penintsulan gertatutakoaz. Orain, Uppsalako Unibertsitatekoekin batera, Burgoseko Unibertsitateko eta ISCIII-UCM zentroko ikertzaileek Atapuercako El Portalon kobazuloko populazioan jarri dute arreta, eta datu esanguratsuak lortu dituzte.

PNAS aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Eneko Iriarte Aviles izan da ikerketan parte hartu duenetako bat. Burgosko Unibertsitateko ikertzailea da, eta, haren esanean, aipagarria da orain arte oso ikerketa gutxi egin direlako antzinako DNArekin: “Orain arte ez zegoen fosilen DNA gure eta inguruko beste bizidunen DNAtik bereizteko teknologiarik. Oso teknologia berria da, eta gu aitzindari izan gara hura erabiltzen”.

Teknologia horren bidez, hain zuzen, aztertu dituzte El Portaloneko gizakiak. Eta jakin dute Iberiar penintsulako lehen nekazariak Mediterraneoko kostaldetik iritsi zirela Atapuercara, Ekialde Hurbiletik abiatuta. Atapuercan, lekuko ehiztari-biltzaileekin nahastu ziren, eta nahasketa hori pixkanakakoa izan zela ikusi dute: “El Portaloneko fosil zaharrenen genoman, duela 5.500 urtekoetan, ez da asko nabari lekuko ehiztari-biltzaileen arrastoa; aldiz, duela 3.500 urtekoetan, askoz ere nabarmenagoa da haien arrastoa”, azaldu du Iriartek.

Euskaldunon sustraiak

Horrez gain, gaur egungo populazioen genomarekin alderatu dute lehen nekazari haien genoma. Eta ohartu dira euskaldunak direla haiekin ahaidetasun genetiko handiena duen taldea. Iriartek aitortu duenez, taldeko euskaldun bakarra izanda, “benetako zirrara” sortu dio horrek: “Jakina zen, Europako beste populazioekin alderatuta, euskaldunok genetikoki desberdinak garela. Eta orain ikusi dugu zergatik: beste taldeak kanpotik etorri diren gainerako taldeekin nahastu diren bitartean, gure arbasoak apenas nahastu ziren. Nolabait, milaka urtetako isolamenduan bizi izan dira”.

El Portalon aztarnategiko buruhezur bat. Arg. Javier Trueba/Madrid Scientific Films

Horrekin lotuta, Juan Luis Arsuaga UCM-ISCIII zentroko zuzendariak nabarmendu du horrek ezeztatu egiten duela euskaldunak bertako Paleolitoko populazioen oinordeko zuzenak direla, batzuek hala uste izan duten arren.

Bestalde, sardiniarrek ere El Portaloneko populazioarekin ahaidetasun genetiko handia dutela frogatu dute. Lehen nekazariak Meditarrenotik etorri zirela berresten du horrek. Eta antzinako euskara eta paleosardiniarra alderatuta, bestelako ondorioak ere atera dituzte ikertzaileek. Nonbait, bi hizkuntzen artean badaude parekotasunak. “Hori aintzat hartuta, eta jakinda, geneak ez ezik, teknologia eta kultura ere transmititu zituztela nekazari haiek, ez da burugabekeria bat pentsatzea hizkuntza ere transmititu zietela”, esan du Iriartek. Alegia, litekeena dela euskararen sustraiak Ekialde Hurbiletik etorri ziren nekazari haien hizkuntzan egotea.

PNASen argitaratutako artikuluan ere hala iradoki badute ere, hipotesi bat baino ez dela ohartarazi du Iriartek: “Ondorio logikoa da, baina hizkuntzalariek frogatu beharko dute zuzena ote den”.

Erantzunak

1

Ana Galarraga Aiestaran 2015/09/24

2015-09-23an zuzenketa bat egin zaio artikuluari. Hain zuzen ere, Rozlyn Frank ikertzaileak ohartarazi zigun akats bat zuela, eta hari esker zuzendu dugu. Mila esker, Rozlyn!

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group