Euskal Herriko zeramika Erdi Aroan (VII.-XIII. mendeak)

Euskal Herriko zeramika Erdi Aroan (VII.-XIII. mendeak)
2005/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: j.l. solaun)

EHUko ikertzaile-talde batek Arabako eta Bizkaiko hainbat aztarnategi aztertu ditu, Euskal Herriko zeramika aztertzeko. Zeramika erreminta taxonomikoa (kronologiaren adierazlea) eta erreminta hermeneutikoa da (dokumentu historikoa). Baina, zeramika historiaren jakintza-elementu bilakatu nahi bada, adierazle kronologiko zehatz bilakatu behar da lehenik. Hau da, haren datazio zehatza egin behar da. Hori lortu ondoren soilik --eta beste aztarna-materialekin batera-- lortu ahal izango da antzinako gizarteen informazioa.

Hain zuzen ere, zeramika sailkatzeko sistematizazio-eredu bat landu dute ikertzaileek. Aztarnategi horiek VIII. eta XIII. mendeetako estratigrafiak dituzte, eta, zeramikaren azterketen ikuspuntutik, oso garrantzitsuak dira. Hala, testuinguru horietan aurkitutako zeramikak sailkatzeko eta karakterizatzeko sistema bat garatu dute, hiru mailatako azterketa eginda. Maila horiek irizpide teknologikoak, funtzionalak eta morfologikoak hartzen dituzte kontuan.

Corpus zeramikoaren sistematizazioa amaituta eta zeramika kuantifikatuta, material guztia ikuspuntu diakronikotik sailkatu dute; hau da, denboran zehar izan duen bilakaera aztertu dute. Hala, zeramika-ekoizpenen segida kronologikoak ikusteko aukeraz gain, mendetan zehar izan duten presentzia eta non erabili diren ikusteko aukera izan da. Azken finean, erreferentzia-taldeak identifikatzea da gakoa, edo, bestela esanda, aro jakin batean eta kokapen geografiko jakin batean egin ziren zeramika-ekoizpenak identifikatzea.

(Argazkia: j.l. solaun)

Azkenik, ekoizpena nola antolatzen zen eta zabaltzen zen ikertu dute. Ekoizpen-ereduak oso lotuta egoten dira zabalpen-ereduekin --gure kasuan, herri, eskualde eta eskualde arteko eskala zuten--. Horiek zehazteko, ezinbestekoak izan dira laborategiko azterketa arkeometrikoak (petrografiak, X izpien difrakzio bidezko mineralogiak eta azterketa kimikoak). Gainera, ekoizpen-zentroak non zeuden jakiteko azterketak egin dira aipatutako azterketa arkeometrikoetatik, aztarnategi batzuetan aurkitutako ebidentzia arkeologikoetatik eta idatzitako iturrietatik abiatuta.

Edonola ere, ekoizpen-zentroak non zeuden jakitea zeramikaren bidez ezagutza historikoa lortzeko abiapuntu gisa ulertu behar da. Informazio hori erabilita, zeramika ekoizten zuten eta erabiltzen zuten giza taldeen informazioa eskuratu daiteke, eta, hala, zeramikaren giza historia osa daiteke.

Berriak labur
8
1
215
2005
12
021
Giza zientziak
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila