Bilboko Artigas zabortegian eraiki behar duten lixibiatu-araztegian 35.000 metro kubiko ur zikin araziko dira urtean, 50.000 biztanleko hiri batek sortzen dituen hainbat. Araztegi hori Europako lixibiatu-araztegi handiena izango da.
Ur lixibiatuak batez ere duten karga organikoarengatik dira kutsatzaileak. Izan ere, materia organiko horrek inguruko oxigenoa agortzen du. Aldi berean, ordea, karga organikoak biodegradatzeko gaitasun handia ematen die lixibiatuei, eta, beraz, haiek arazteko tratamendu biologikoa erabiltzea da egokiena.
Artigas zabortegian, tratamendu biologikoaren ondoren ultrairagazki bat erabilita, egunero 1.400 kg poluitzaile gutxiago isuriko dira uretara, eta, horrela, Europako legeei aurrea hartuko zaie.