Eguzki-sisteman bizi estralurtarra egotekotan, hautagaietako bat Jupiterren Europa ilargia da, Izan ere, orain arteko behaketek iradokitzen dutenez, azalaren azpian ozeano likido bat du. Horrez gain, bizia sortzeko ezinbestekoak diren beste elemento batzuk ere izan beharko lituzke; horietako bat, karbonoa da. Eta azalean karbono dioxido izoztua du. Orain, JWST teleskopioaren datuetan oinarrituta, karbono dioxido hori ozeanoan sortua dela ondorioztatu dute.
Science aldizkarian eman dute horren berri, bi artikuluren bidez. Haietako batean, karbono dioxidoaren kartografia egin dute, eta ikusi dute bereziki ugaria dela Tara Regio eremuan. Eremu hori kaotikoa da, eta material gazteak dira nagusi. Horregatik uste dute karbono dioxidoaren jatorria azpiko ozeanoa dela, izan karbono dioxido modura, izan karbonato edo konposatu organiko modura, eta gero bilakatu dela karbono dioxido.
Beste ikerketan, karbono dioxidozko izotzaren lau ezaugarri espektral aztertu dituzte. Eta hor ere ikusi dute tara Region kontzentratuta dagoela, eta beste material batzuk dituela nahastuta. Karbono-isotopoak ere aztertu dituzte, eta barnetik atera zela baieztatu dute. Ez dakite, ordea, jatorria biotikoa den ala ez. Nolanahi ere, esanguratsua da Europan, ur likidoa izateaz gain, karbonoa badagoela berrestea.
Elhuyarrek garatutako teknologia