Edinburghen ospatu berri den EEEko gailurrean hamalau mila milioi pezetako inbertsioa onartu da definizio handiko telebista Europan zehar sustatzeko. Onartutako plangintzaren helburua, definizio handiko telebistaren inguru guztiak astintzea da.
Frantzia izan da ideia honen bultzatzaile nagusia eta hain zuzen ere Frantziako Thomson enpresak definizio handiko telebistaren inguruan lantzen duen estandarra, hots, HD-MAC, mundu-mailan sistema estandar bilakatu nahi da.
Estandar honen kontsumoa 400 W.h-koa da, hau da, oraingo telebistena baino lau aldiz handiagoa. Hurrengo hamabost urtean definizio handiko 500 milioi telebista saltzea espero da. Zenbaki hauei so eginez gero, aparatu berriak erabiltzeagatik elektrizitate-kontsumoa urtean 164 TW-ekoa izango da, hau da, Britainia Haundiko elektrizitate-kontsumoaren erdia gutxi gorabehera.
Elektrizitaterik gehiena erregai fosilak erreta sortzen da, eta jakina denez, errekuntza horretatik negutegi-efektuaren errudun nagusi den karbono dioxidoa sortzen da.
Aldi berean, EEEk bere programa guztietan gero eta zorrotzago jokatzen du ingurugiroari dagozkion alorretan. Beraz, definio handiko telebistaren kontsumoa eta ingurugiro-planak kontrajarrita daude. Hau dela eta, definizio handiko telebistari argi berdea eman bazaio ere, produktu berdea izateko baldintza ere jarri zaio.