Euriaren inpaktu fosilaren mezua

Duela 2.700 milioi urteko euriaren aztarnek atmosfera zaharraren dentsitatea erakusten dute.

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

euriaren-inpaktu-fosilaren-mezua

Eguzkiak gutxi berotzen zuen garaian, izotzaz gain ur likidoa zegoen Lurrean. Zientzialariek orain arte ez dute ulertu zergatik, baina Hego Afrikan topatu dituzten euri-aztarna fosil batzuek lagundu egin dute hori ulertzen.

Paradoxa bat zen. Duela 2.700 milioi urte, Eguzkiak ez zuen asko berotzen gaztea zelako, gaur egun baino dentsitate txikiagoa zuelako eta hidrogenoa maila txikiagoan fusionatzen zelako. Lurrera bero gutxi iristen zen, eta ustez ez zegoen ur likidoa existitzeko arrazoirik. Baina ur likidoaren aztarna asko daude garai hartako harrietan zizelkatuta.

Aztarna horiek adierazten dute garai hartako atmosferaren tenperatura ez zela oso baxua, eta hori horrela izatearen bi azalpen posible daude, biak atmosferarekin lotutakoak. Lehen azalpena da garai hartako atmosferak gaurkoak baino argi gutxiago islatzen zuela. Modu horretan, espaziora islatuta bero gutxiago “galtzen” zen. Bigarren azalpena berotegi-efektua bera da; karbono dioxido, metano eta beste gas batzuen kantitateak handiak baldin baziren, atmosfera ur likidoa izateko tenperaturan egongo zen. Hipotesi horren baldintzen artean dago garai hartako atmosferak gaur egungoa bezain dentsoa izan behar zuela, gutxi gorabehera.

Horixe frogatu dute Washingtongo Unibertsitateko zientzialari batzuek euri-tanten inpaktu fosil bat erabilita. Tanten inpaktuaren aztarnak dira, zulotxoak. Eta zulo horien sakonerak adierazten du zer abiaduratan jo zuten tantek lurraren kontra. Eta abiadura hori atmosferaren dentsitatearen araberakoa da: zenbat eta atmosfera dentsoagoa izan, orduan eta mantsoago erortzen dira euri-tantak. Fosila neurtuta, Washingtongo zientzialariek ondorioztatu dute garai hartako atmosferaren dentsitatea gaurkoaren parekoa zela, nahiz eta errore-maila posible bat ere onartzen duten. Litekeena da tanta haiek bereziki handiak izatea, haiek diotenez.

Nolanahi ere, kalkuluen arabera, duela 2.700 milioi urte atmosferak karbono dioxido eta metano asko izateko adinako dentsitatea zuen, eta, berotegi-efektuari esker, ur likidoa izateko kondizioak zituen. Euri-tanten aztarnek azaldu dute zergatik zeuden euri-tantak Lurrean garai hartan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila