Abiadura handiko kamera batek agerian utzi du eulia aireratzeko prozesua ez dela erreflexu-kontua bakarrik. CALTECH Institutuan ikusi dute hori, Drosophila eulia aztertuta. Arrisku batetik ihes egiteko, lehendabizi, euliak kalkulatzen du nondik datorren arriskua eta, gero, denbora hartzen du gorputzaren jarrera antolatzeko. Hankak mugituta, gorputzaren masa-zentroa egokitzen du arriskuaren aurkako norabiderantz hegan egiteko. Adituen ustez, euli batek kalkulu hori aurrez egitea harrigarria da, 10.000 neurona inguru besterik ez baitu. Hain zuzen ere, biologoen hurrengo erronka da ulertzea nola funtzionatzen duen neurona-sare horrek ihesaldi hain eraginkorra lortzeko.