ESAk argitaratu berri ditu Euclid misioaren lehen irudiak. Unibertsoaren 3D-ko mapa zehatza egitea da Euclid teleskopioaren helburua, eta, horren barruan, materia eta energia ilunak aztertzea. Hain zuzen, unibertsoaren % 95 osatzen dute izate ilun horiek. Bada, Euclidesek lortu dituen lehen irudietan oinarrituta, espazio-agentziak baieztatu du teleskopioa prest dagoela misioa betetzeko.
Hain zuzen, bost argazki erakutsi dituzte: Zaldi Buru nebulosa, Perseo galaxia-kumulua, IC 342 galaxia espirala, NGC 6822 galaxia irregularra eta NGC 6397 kumulu globularra. Irudien bereizmenak Euclideren ahalmena frogatzen du; izan ere, gai da argi ikusgarrian eta infragorrian jasotakoa irudi berean erakusteko, eta horrek aukera paregabea ematen duela informazio esanguratsua eskuratzeko, hala nola energia eta materia ilunak batera aztertzeko.
Esaterako, Euclideren ikusmen infragorriari esker baieztatu dute IC 342 galaxia Esne Bidearen antzekoa dela. NGC 6397 kumulua, berriz, Lurretik bigaren gertuena da (7800 argi-urte); bada, orain arte beste teleskopioek identifikatzeko gai izan ez diren izarrak ikusi ditu Euclidek, jaso duen irudi horretan.
Aurreikuspenen arabera, Euclid teleskopioa sei urtez arituko da lanean, eta 10000 milioi argi-urteko distantziaraino dauden galaxien itxurak, distantziak eta mugimenduak aztertuko ditu, 3D-ko mapa zehatza lortzeko.