Galaxia erraldoi batean milaka kumulu globular berri sortu direla argitu dute

galaxia-erraldoi-batean-milaka-kumulu-globular-ber
Hubble teleskopio espazialak hartutako irudia: kumulu globular gazteak urdinez ikusten dira, eta gas hotzeko filamentuak, gorriz. Arg. Hubble

Kumulu globularrak milioika izarretik gora osatuta egoten dira. Aldi berean sortutako izarrak dira denak, gure galaxiaren diametroa baino ehunka aldiz diametro txikiagoko bolumen esferiko dentsoetan biltzen direnak. Galaxien eratze-garaiko erlikia zaharrak direla uste da; hortaz, Unibertsoan ikusgai diren objekturik antzinakoenak izan daitezke. Esne Bidea 150 bat kumulu globularrez inguratuta dago –haietako batzuk begi hutsez ikus daitezke gaueko iluntasunean–, baina galaxia-kumuluen erdigunean kokatzen diren galaxia erraldoien inguruan milaka kumulu globular inguru aurkitu daitezke. Nature Astronomy aldizkariaren arabera, ustekabeko erantzunak aurkitu dituzte halako galaxia-kumuluen erdiguneko galaxia erraldoien inguruan kokatuta dauden kumulu globular batzuen jatorriaz: ikusi dute milaka kumulu globular berri sortuz joan direla azken mila milioi urteetan gas hotz batetik abiatuta, Perseus galaxia-kumuluaren erdigunean dagoen galaxia erraldoian.

Kumulu globular gazte horiek oso lotuta daude galaxia erraldoiaren kanpoalderantz hedatzen den gas hotzeko sare konplexu batekin; gas horretatik sortzen dira. Sortu ondoren, kumulu globular jaioberriak gas hotzeko saretik galaxia erraldoiaren barnerantz erortzen dira, hodeietatik erortzen diren euri-tantak balira bezala. Kumulu globularrek urre kolore bereizgarria izaten dute, eta ikerketan parte hartu duen EHUko Thomas Broadhurst Ikerbasque ikertzaileak adierazi duenez, “espero izatekoa da kumulu horietako erdiko galaxiak gero eta distiratsuagoak izatea denbora kosmikoan aurrera egin ahala, inguruan daukaten gasetik erortzen den kumulu globularrezko euriaren ondorioz”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila