Etsialdiaren zergatia

Erditu ondorengo etsialdiaz maiz hitz egin izan da. Erdiminak igaro orduko, erditu ondorengoak etorri ohi direla esaten da eta itxura guztien arabera, karena edo plazentan ei dago beheraldiaren zergatia.

EEBBetako ikertzaile-talde baten iritziz, erdiberritan sortzen den hormona-desorekan datza emakume askoren gogogabetzea. Karenak neurririk gabe jariatzen duen CRH hormonaren ekoizpena normaldu arte ez omen da egoera hori gainditzen.

Neurri handi batean, orain arte uste zena baieztatzera dator EEBBetako Osasun Erakundean egin duten aurkikuntza. Izan ere, gogo-beheraldiaren jatorria erditu ondoren apurtzen den hormona-oreka zela defendatu izan dute ikertzaileek orain arte eta EEBB etako aurkikuntzak, teoria hori onesteaz gain, depresioaren mekanismo osoa zehaztea lortu du.

Estres-egoera baten aurrean, hipotalamoak substantzia desberdin asko askatzen dituen CRH hormona jariatzen du. Horien artean, kortisol izeneko substantzia dago, odolaren glukosa-maila orekatzen eta tentsio arterialari eusten laguntzen duen gaia.

Alabaina, haurdunaldiaren azken hiru hilabeteetan karenak hartzen du hormona ekoizteko ardura eta ondorioz, hipotalamoaren aktibitatea gutxiagotu egiten da. Erdiberritan, karena kanporatzen da eta horrekin, CRH hormonaren iturri nagusia; hormonaren ekoizpena erabat desorekatzen da eta hipotalamoari dagokion ekoizpen maila eskuratu arte, CRH-gabezia ematen da. Eta jakina, hortik dator gogogabetzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila