Eta zaborrekin zer?

Gaur egungo ingurugiroaren arazo larrienetariko bat hondakinena da. Gure produkzio prozesuetatik eta kontsumotik sortzen diren zaborrek ekosistemaren berriztapen ahalmena gainditu egin dute. Berez, zaborrak sortzea eginkizun naturala da eta aurreko mendeetan materiaren zinkloan integratu izan dira, hau da, naturak birziklatu egin ditu, oreka ekologikoari eutsiz.

Zer gertatu da berriztapen-ahalmena gainditzeko? Lehenik biztanlegoa izugarri hazi da, gehiena hirietan kontzentratu delarik. Galdera horren beste erantzuna konsumoa areagotzean eta biztanlegoak ingurugiroari buruz duen kontzientziazio urrian egon daiteke, izan ere, bizi-kalitatea baino, kantitatea nahiago baita. Eta azkenik, produkzio gehikuntzak eta produktu-moten aldaketak ere (oraingoek gutxiago irauten dute, prozesu kimiko komplexuetan oinarrituta daude, biodegradagarritasun gutxiago dute, itzultzen ez diren ontziak dituzte,...) zerikusi handia dute zaborren arazoan. Beraz, sortu dugun zaborren arazoa bizi garen gizartearen ondorioa da, hots, produkzio-mota eta bizimoduarekin zerikusia du. Hori dela eta arazoaren erantzuna ez da teknikan bakarrik oinarritzen, erredukzionismo hutsa litzateke hori, garapen- eta kontsumo-ereduek ere badute zeresana.

Arazoa gizarte-ereduan eta politikan dagoen arren, bera konpontzeko bitarteko irtenbideak aurkitu behar dira. Bizkaian urteko sortzen den zaborra, San Mames 6 aldiz betetzeko adinakoa da; Gipuzkoakoak berriz, Anoeta bi aldiz beteko luke. Eta guzti hori soilik etxeetako zaborrei dagokionez, horiek zaborren % 7 baino ez direlarik.

Zaborren auzia ez da konponezina, bide berriak bilatu behar dira eta esperientzia ezberdinak bideratu. Irtenbideek ez dute sortutakoari aurre egitean oinarritu behar, ingurugiro-politika ez baita tutu-amaieran aplikatu behar. Gure herrian ez da oraindaino tratamendurik bilatu, metatzea baino ez da egin. Baina metatzearen sasoia iragana da, Euskal Herriak duen lur eskasiak, espekulazioak eta ingurugiro aldetik sortutako arazoek (lisibiazioa, poluzioa,...) bide hori itxi egin baitute.

Gizartea une honetan, zaborrak erre edo berreskuratu egin behar diren eztabaidatzen ari da. Administrazioetatik bultzatzen ari den irtenbidea erausketarena da. Makroproiektu horren justifikazioa gure ekonomia kontrolaezinezko poluzioan oinarritzen dela da. Horretan datza Zabalgarbi eta Zergarbiren filosofia. Zaborra erre eta sortzen duen poluzioa beste eremu batzuetara zabaltzea (sortutako hondakin toxikoa zerura edo atmosferara, ibaietara... sakabanatzea) ez da inoiz ere arazoaren soluzioa, trantsizioa baizik. Osasuna eta bioakumulazioari buruzko arazoak alde batera utziz, proiektuaren bultzatzaileen eskuetatik emandako datuei objekzio asko jar diezaiekegu.

Gainbegirada arina ematerakoan hona hemen ateratzen diren zenbait datu. Energiaren ikuspegitik Bizkaiko Artigaseko zabortegiko erausketa-plantako metano-liserigailuak (% 20ko efizientzia du) baino askoz ere efizienteagoak dira. Erausketarako hain beharrezkoa den papera birziklatzea erretzea baino bost aldiz efizienteago da energia aldetik, Queen Unibertsitateak dioenaren arabera. Gipuzkoako Sasieta mankomunitateko Zabor tratemendurako esperientziarekin konparatzen badugu, Sasietakoaren (bertan zabor gehiena metatu egiten da eta zertxobait birziklatu) mantenimendua bi aldiz garestiago da. Baina, arazo nagusia etikoa izan daiteke, ez baitoa sustraira. Planetako baliabideen urritasuna kontuan izanik, erausketaren bidez baliabideak erre egiten direla gogoratu behar da. Laburbilduz, erausketen proiektua proiektu inmobilista dela esan behar da, ez baitu Rio de Janeiron esandakoa betetzen (ohiturak aldatzea, poluzioa gutxiagotzea) eta ez baita ekonomikoki ere errentagarria.

Erretzeak ez du ingurugiro-politika jasangarria ahalbideratzen, ez zaborren ikuspegitik, ezta gizartearengandik ere.

Beste aukera bat kudeaketa razionala izan daiteke. Baina horretarako, hiritarro kontzientzia aldatu egin behar da, eta horrek dakarren paradigma-aldaketa ere mamitu egin behar da. Biderik hoberena ez da kudeaketa on bat egitea, baizik eta zaborrik ez sortzea. Beraz, prinzipio nagusiak ez du sortutakoa kudeatzea izan behar, zaborrik ez sortzea baizik. Ondorioz, gutxiago sortzeko bideak landu egin behar dira. Honi zaborra ekologizatzea deritzaio eta, zabor gutxiago eta kalitate hobeagoko ingurugiroa sortzean, itzulgarriak diren produktuak bultzatzean eta poluzioa sortzen dutenak zigortzean datza. Gutxiago ekoizteak edozein zabor-kudeaketaren lehen helburua izan behar du. Ondoren berrerabilpena (erabilpen anitza), itzulketa, berreskuraketa eta azkenik, birziklaketa bilketa selektiboaren bidez.

Zaborra baliogarria denaren ideia aspaldidanik dago onartuta, baina asmoa ez da bete. Horren arrazoiak oso adierazgarriak dira: ez da negozio pribatua, gure gizartean naturak ez du preziorik, esku ahuletan dago, bere etekina soziala da, eta ez indibiduala. Bilakaera hau aldatzeko erabaki politikoak behar dira. Lizarran egin dute eta % 70 birziklatzen da, eman ta zabal zazu...

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila