Horrela gerta daitekeela ohartarazi dute bederen, Kolonbia eta Venezuelako biologo talde batek. Izan ere, Orinoko ibaiko krokodilo-populazioa asko urritu dela eta desagertzeko zorian egon daitekeela baieztatu dute azken datuek. Dirudienez, neurririk gabeko ehiza bide da sarraski berri horren eragile nagusia.
Duela 20 urte ekin zitzaion Crocodylus intermedius edo Orinokoko krokodilo-populazioari buruzko azken "errolda" osatzeari. 1976an 280 krokodilo ale aurkitu bazuten ere, aurtengo datuen arabera erdira ekarri da jadanik populazioa. Biologoen iritziz, urtebete inguru beharko dute datu horiek osatzeko eta ondorioak plazaratu ahal izateko.
Oraingoz garbi azaldu dena zera da: babes-programak berehala jarri beharko dira martxan Orinokoko krokodiloaren iraupena ziurtatu nahi bada. Horrela egingo ez balitz, diote ikerketataz arduratu den taldeko kideek, 1930. urtera arte ibaian nagusi zen narrasti ederra kondairetako protagonista mitikoa baino ez da izango hurrengo belaunaldientzat.