Espermatozoideek laguntza behar dute

Espermatozoideak igerilariak dira, baina Falopioren tronpetara heltzeko muskulu uzkurduren bidezko bultzada behar dute, surfing-ean gertatzen denaren antzera. Ikerlari kanadiarren arabera, aipatu bultzada eza izan daiteke zenbait emakumerengan esplikaziorik gabeko antzutasunaren arrazoia.

Uhinak, umetokiko miometrium izeneko muskuluaren uzkurdura leunen ondorio dira. Manitobako unibertsitateko Edward Lyons-ek dioenez, ernalketa-arazorik ez duten emakumeengan uhinak denboraren % 80an aritzen omen dira.

“Espermatozoideak ez dira izokinak eta, beraz, ezin dute bidean gora laguntzarik gabe igeri egin” dio Lyonsek. “Uhinen laguntza behar dute obuluetara iristeko”.

Lyonsek eta Clifford Levi-k, ultrasoinuak erabili zituzten, ernalketa ezaren aurka tratamendua zuten 68 emakumeren uzkurdurak neurtzeko. Hartutako datuak, ernalketa arazorik ez zuten emakume-kopuru berberetik hartutakoekin konparatu ziren. Minutuoro hiru uhin besterik sortzen ez direnez, ikerlariek grabatu egin zituzten ultrasoinuzko neurriak eta gero abiadura bizkorrean ikusi. Ernaldu ezineko emakumeengan uhinen frekuentzia oso aldakorra zela edo uhinak ez zirela norabide egokian hedatzen ikusi zen.

Lyonsek dioenez “uzkurduren norabidean, frekuentzian edo intentsitatean gertatzen diren anormaltasunak, esplikaziorik gabeko ernalketa ezaren arrazoirik garrantzitsuenetakoa izan daiteke”. Berak dioenez, uhinen frekuentzia maximoa hileko zikloaren erdialdean izaten da, hau da, emakumea obulatzen ari denean eta, beraz, ernalkortasunik handiena duenean. Uzkurdurak, espermatozoideak garraiatzen dituzten postglandina izeneko substantzien eraginez estimulatzen dira.

Espermatozoideentzat oso garrantzitsua da bizkor ibiltzea, baginaren goialdea oso azidoa baita beraz, espermatozoideetatik gutxi batzuek besterik ez dute bizitzea lortzen. Beraz, uhinen eragina ia ezinbestekoa da espermatozoideak obuluetaraino heltzea nahi bada.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.