Giza ugalmenaz arduratzen diren zientzilariak azken hogei urteotan kezkaturik daude. Giza espeziearen ugalkortasunak ez du behera egin, baina espermaren kalitateak behera egin du azken berrogeita hamar urte honetan. Espermatozoide-kopurua murrizten ari da etengabe, baina aditu frantsesek beste elementu bat erantsi diote arazoari: espermaren eboluzioa eta kalitatea lurralde batetik bestera desberdina da. Rennes-ko zentroan jaso dituzten laginetan esperma-milimetroko 87 milioi espermatozoide detektatu dituzte, eta Tolosako zentroan jasotakoetan 72 milioi besterik ez. Zientzilariek diferentzia hauen zergatiaz ez dute azalpenik eman.
Bestetik, Inserm erakundeak argitaratutako ikerketa baten arabera, 1974-1994 bitartean Paris aldean espermatozoide-kopuruak behera egin du, baina Tolosan, adibidez, beherakadarik ez da izan. Estatu Batuetan ere, lurraldeen, arabera desberdintasunak daudela egiaztatu da, baina espermatozoide-kontzentrazioak nabarmen gora egin du 1970. eta 1994. urte-bitartean.