Espazioan ez dago zabor-biltzailerik

Espaziora satelite, kohete eta gainerakoak jaurtitzea erraza da, bai, baina nork jasotzen ditu, gero, jada ezertarako balio ez duten edo istripuen ondorioz sortutako hondakinak? Bada, inork ez. Hor geratzen dira, lurraren inguruan biraka. Zabor gehiena beheko orbitan geratzen da, hau da, lurraren azaletik 2.000 km inguruko altitudean. Gainerakoa, berriz, orbita geoegonkorrean geratzen da, 36.000 km inguruko altitudean.

Radarren eta teleskopio optikoen bidez egindako behaketetan, 40 cm-tik gorako 9.000 objektu inguru detektatu dira, eta horietatik 700 baino ez dira martxan dauden sateliteak. Objektu horiek, hala ere, ez dira oso arriskutsuak. Espazio-ontziren batekin talka egin eta kalte larrienak eragin ditzaketenak 20 cm-tik beherako pusketak dira eta, egindako kalkuluen arabera, 150.000 baino gehiago izan daitezke.

Dirudienez, gaur egungo teknologiarekin ezinezkoa da zabor hori jasotzea; horregatik, irtenbide bakarra ahalik eta zabor gutxien sortzea da. Horretarako, Europako Espazio Agentziak (ESA) bi neurri proposatu zituen Alemanian, espazioko zaborrari buruzko hirugarren kongresuan: alde batetik, espazioko leherketak saihestea; bestetik, gehiago erabiliko ez diren sateliteak lurreko atmosferan sarraraztea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila