American Journal of Clinical Nutrition nutrizio-gaietako erreferentziazko aldizkaria da nazioartean, eta azaroko alean, esneki gaingabetuek hipertentsioa izateko arriskua gutxitzen dutela argitaratu du.
Lan hori Nafarroako Unibertsitateko talde batek egin du, eta haiekin batera aritu da Alvaro Alonso, Harvard Unibertsitateko Osasun Publikoaren Fakultateko ikertzailea ere. Hura da artikuluaren egile nagusia. Ikerketaren arabera, esne gaingabetua edaten duten pertsonek eta esneki gaingabetu asko jaten dutenek hipertentsioa izateko % 50 aukera gutxiago dute, esnekirik kontsumitzen ez dutenekin edo gutxi kontsumitzen dutenekin alderatuta. Aldiz, ez dute harremanik topatu esneki osoaren kontsumoaren eta hipertentsioa izateko arriskuaren artean. Hipertentsioari aurre egiteko eredu dietetikoak definitzen lagundu dezakete ikerketaren emaitzek. Gainera, lehendik ezagunak ziren hainbat datuk zioten
litekeena zela esnekiak hartzeak hipertentsiotik babestea, baina hauxe da harreman horren berri ematen duen lehenengo ikerketa, helduekin egin den lehenengoa, behintzat.