Eski-istripuen inguruan

Austriako Innsbruck-eko ospitaleko traumatologi zerbitzuak egindako ikerketa baten arabera, eskiatzen lesio larriak izateagatik ospitalizatu behar izandako eskiatzaileen herena alkoholaren edo benzodiazepinaren eraginpean aurkitzen zen. Ondorio hau, eskiatzen aritu eta istripua jasandako 402 eskiatzaile aztertuz atera da.

402 eskiatzaile hauetatik 81ek, hau da % 20k, alkohola zuten gernuan, 34k, hau da, % 8,5ek, benzodiazepinaren arrastoak eta 10 eskiatzailek biak. Gainera alkohola edo benzodiazepina kontsumitu zuten zaurituak larriago zeuden ezer ere kontsumitu ez zutenak baino.

Alkohola edo medikamentuak kontsumitutako eskiatzaileen istripuak eguerdi aldean gertatu ziren. Eskiatzaile hauek, oro har, hasiberriak ziren edo eskiatzeko trebezia handiegia ez zutenak. Istripuak jasan zituzten eskiatzaile trebeek ez zuten, oro har, alkoholaren arrastorik izan.

Ospitaleratu ondoren, alkoholaren eraginez istripua izan zutenen artean % 80k alkohola edan izana batere arazorik gabe baieztatu zuen. Aldiz medikamentuak kontsumitu zituztenen artean ia inork ez zuen baieztatu medikamentuak hartu izana.

Gertaera honetatik, alkoholaren irudi soziala medikamentuarena baino hobea dela ere atera daiteke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila